Moilan oinezkoentzako pasabidea jartzeko lanak bihar hasiko ditu Udalak, ekainaren 8an. Horregatik, moilako errepidea trafikoari itxita egongo da hiru astez bi noranzkoetan, eta N-634 errepidetik herrigunera sartzen diren ibilgailuak Ibai Ondo kaletik irten beharko dira. Gainerako sarrera-irteerak Txanka-Hondartzako bidetik egin beharko dira.
Ibai Ondotik atera ahal izateko, ibilgailuek ezin dute bi metroko altuera gainditu (N-634 errepidea igarotzen den zubia dela-eta). Ondorioz, neurri hori gainditzen duten ibilgailuak Herriko Plazan harrapatuta geratu ez daitezen, Udalak galiboa jarriko du Txistulari kalearen sarreran, Errusta tabernaren parean.
Aurreikuspenen arabera, lanek sei aste iraungo dute, baina soilik hirutan egongo da moilako errepidea erabat itxita.