Moila indartzeko lanek aurrera jarraitzen dute eta, lan horien barruan, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak errioaren hondoko lohia aterako du datozen asteetan, moila indartuko duten zutabeak jarri ahal izateko.
Aterako den lohi hori garraiatzeko, 16 metro luzeko kamioi handi bat ibiliko da herrian, astean hainbat alditan, eta horrek eragin zuzena izango du trafikoan: Kamioia herrian dagoen bitartean, moila pareko errepidea erabat itxita egongo da eta, horrez gain, kamioiak zirkulazio-arazoak sortuko ditu herri barruan, oso handia eta maniobratzen zaila delako.
Obraren arduradunek barkamena eskatzen diete herritarrei, sortuko diren eragozpenengatik eta pazientzia eskatzen diete gidariei.
Lanek aurrera egin ahala jakingo du Udalak kamioiaren joan-etorriak noiz arte luzatuko diren. Atera beharreko lohi kantitateak baldintzatuko du lanen iraupena.
Asteartean, lehen aldiz
Kamioia datorren asteartean etorriko da aurrenekoz, urriaren 25ean. 10:00etatik 12:00etara izango da moilan, eta beraz, tarte horretan errepidea erabat itxita egongo da.
Lan-eremu zabalagoa
Horrez gain, asteartetik aurrera lanak bigarren fase batean sartuko dira, eta eremu zabalagoa hartuko dute. Semaforoa Zaharren Babeslekuaren parean jarriko da, eta ondorioz, autoek tarte laburragoa izango dute pasatzeko.
Oinezkoentzat, Zaharren Babeslekuko zebra-bidea itxita egongo da segurtasunagatik, eta, ondorioz, alde batetik bestera pasatzeko, zubiaren ondoko zebra-bidea erabili beharko da.
Egoera hori lanak amaitu arte mantenduko da.