Muntoko 46 etxebizitzak uda aurretik emango ditu Eusko Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko kontseilari Denis Itxaso Orion izan da gaur, Muntoko babes ofizialeko 46 etxebizitzak bisitatzen. Orioko Udaletik, Anuska Esnal alkateak eta Olatz Santamaria eta Lourdes Salsamendi zinegotziek lagundu diote bisitan, eta iragarri dute maiatzean edo ekainean esleituko dituztela etxebizitzak, Alokabide sozietate publikoaren bidez.

Proiektua Visesak sustatu du, eta Next Generation EU funtsaren finantzaketa jaso du.

«Alokairuko etxebizitza-parke publikoa eraginkorra, irisgarria eta teknikoki kalitate altukoa izatea nahi dugu, eta Orioko 46 etxebizitza hauek ikuspegi horri erantzuten diote», azaldu du Itxasok. Gainera, «Europako funtsei esker, lanak azkarrago eta anbizio handiagoz» egin ahal izan dituztela nabarmendu du, «beharra dutenei etxebizitza eskuragarria eta duina» eskaintzeko.

Esnalek, bere aldetik, poza azaldu du proiektua bukatzear delako eta etxebizitzak datozen asteetan emango direlako: «Orioko Udalaren erronka estrategiko nagusietako bat udalerriaren hazkunde iraunkorra sustatzea da. Orion etxebizitza babestuaren eskaria Euskadiko batez bestekoa baino handiagoa da, eta, egoera horren aurrean, Udalak benetako konponbidea eman nahi dio arazo horri. Munto inguruan proiektatutako etxebizitzak urrats garrantzitsua dira norabide horretan. Eta Udalak jarraituko du bultzatzen, bizitegi-garapen berri guztietan, etxebizitzak izaera sozialarekin erreserbatzea» adierazi du.

Proiektuaren ezaugarriak

Sustapenak 5.630.123,51 euroko (BEZik gabe) kontratazio-aurrekontua izan du, eta 7.364.884,77 euroko inbertsioa egin da guztira; horietatik 1.986.720 euro Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioaren bidez finantzatu dira, Next Generation EU programaren funtsekin, hau da, kostu osoaren % 27 inguru. Gainerakoak Visesak hartu ditu bere gain.

Nabarmentzekoa da 2020ko urtarrilaren 8an sinatutako hitzarmenaren arabera, Udalak 541.424,10 euroan saldu ziola lursaila Jaurlaritzari, kargarik gabe. Eta, trukean, Jaurlaritzak eraikinaren beheko solairuan 400 m2 inguruko lokal bat ematen dio Udalari, egokitu gabe, ekipamendu publikorako.

46 etxebizitza horien artean 40 bi logelakoak dira (mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako bi etxebizitza barne), eta gainerako 6ak hiru logelakoak dira. Gainera, irizpide zorrotzak betetzen dituzte eraginkortasun energetikoari, irisgarritasunari eta eraikuntza-kalitateari dagokionez.