Mutiozabal biziberritzeko proiektua abian da, itsas-ondarea belaunaldi berriei transmititzeko

 

Mutiozabal ontziolan datozen lau urteetan garatuko den proiektua jendaurrean aurkezteko ekitaldia antolatu zuten atzo, irailak 22, Orioko Udalak eta Albaola Itsas Kultur Faktoriak. Han izan ziren Anuska Esnal Orioko alkatea, Xabi Agote Albaolako zuzendaria eta Eider Arruti Mutiozabalgo ekimeneko kidea. 

1968an uretaratu zen azken ontzia Mutiozabalen, eta 2003an itxi zuten guztiz ontziola. Eusko Jaurlaritzak monumentu kategoriako kultura-ondasun izendatu zuen 2018an, eta Orioko Udalak 2019an erosi zuen eraikina. Ordutik, beste hainbat eragilerekin batera, eraikina biziberritzeko lanetan ibili da. Esnalek azaldu zuenez, ez da soilik hezkuntzari lotutako ekimena, herritarrei ere zabalik egongo da: «Pandemiak dena atzeratzea ekarri du, baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun proiektuari testuingurua eta oriotarrei azalpenak ematea».

Agotek azaldu zuen ekimenaren muina eta, hasteko, esan zuen proiektu erabat emozionala dela Albaolakoentzat. Segidan, proiektuaren hastapenak kontatu zituen: «Jesus Mari Peronak Mutiozabalgo plano originalak aurkitu zituen, gaur egun alor honetan ezagutzen den plano-bildumarik zabalenetakoa; eta Albaolak, plano horietan oinarrituta, zortzi ontzi eraiki ditu dagoeneko. Azkena, Orion pasa den uztailean izan zen Juanita Larando patatxa. Azken finean, Peronaren aurkikuntzari esker egin dugu guk lan». Bigarren lotura emozionala Esteban Gozategi da. Mutiozabalen aritu zen azken langileetako bat da, gerora, Albolan hamar urtez lan egindakoa. «Arotzen premia nuen, eta Mutiozabal oraindik martxan zegoela joan nintzen hura ikustera. Erretiroa hartu arte egon da gurekin. Albaolara tarteka etortzen den bezala, orain autoa hartu gabe etorri daiteke gu bisitatzera, Mutiozabalera», adierazi du Agotek.

Ekimen bateragarriak

Mutiozabalgo proiektua definitzerakoan, Agotek argi zuen ez zutela Pasaiako Albaolan egiten duten lan berbera hemen ere egin nahi; horren ordez, hango ekimenarekin «bateragarria» izango den zerbait garatu nahi dute. Orioko Udala Biziberritze Plana ontzen ari zen une hartan, eta argi ikusi zuten: «Biziberritzea ezin da egin belaunaldi berriak inplikatu gabe. Eta bururatu zitzaigun haurrei begirako ontziola bat garatzea. Baina ez paperezko txalupak egiteko, benetakoak baizik». Hori dela eta, alak eraikiko dituzte ikasleek Mutiozabalen, eraikitzen erraza delako, eta Orion sustraitutako garraiobidea izan zelako. «Piezak eginda ekarriko ditugu eta Mutiozabalen muntatu egingo dituzte ikasleek», gaineratu zuen. 

Gainera, Mutiozabalgo proiektuarentzat sortutako irudiaren nondik norakoak azaldu zituen Agotek, eta gaztetxoei begira landu duten pertsonaia aurkeztu zuen: «Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuneko Txo izango da gure ontziolako pertsonaia, Ternuako mikmak tribuko kidea. Tribu horrek harreman handia zuen euskaldunekin, eta batez ere, oriotar arrantzale nabarmenekin». Pertsonaia ume bat zen pailazoen ikuskizunean, baina egokitu egin dute eta nerabea da orain, Mutiozabalek jasoko dituen neska-mutilen antzera.

Ekainean egin zuten proba pilotua Orioko bi ikastetxeekin, eta, arrakastatsua izan zenez, aste honetan abiatu dute ikasturtea. Azarora bitartean, Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako LH5eko, LH6ko eta DBHko ikasleak jardungo dira ontziolan, astean bi egunez (asteartean eta ostiralean) eta datorren urtetik aurrera Euskal Herriko ikastetxeetara zabalduko da ekimena. Ikasleekin batera, Albaolako hiru begirale ariko dira alak eraikitzen, hirurak oriotarrak: Arruti bera, Jon Gaztañazpi eta Antxon Mendizabal. Egunotan ikasleekin bizitako esperientzia kontatu zuen Arrutik, eta harrituta daudela azaldu du: «Lan-tresnekin ezin hobeto moldatzen dira! Eta oso gustura zeuden erremintak eskuan hartuta. Ez zuten etxera joan nahi!». Etorkizunean herritarrei zabalduko diete proiektua. Bitartean, astearte eta ostiraletan ontziolara gerturatzeko gonbita egin diete oriotarrei.