Mutiozabal Txo-ren ontziola fase berri batean murgilduko da udazkenean

 

Joan den larunbatean egindako botadura-ekitaldiarekin lehen ikasturtea itxi du Mutiozabal Txo-ren ontziolak. 2022-2023 ikasturtean ontziolan lanean aritu diren ikasleek eraikitako lehen ala uretaratu zuten larunbatean eta, horrekin batera, Mutiozabal ontziolan lanean ibilitako azken erriberako ontzigileak omendu zituen Udalak: Txanka familiako kideak. Saio hunkigarria izan zen guztientzat, eta alaren uretaratzea erabat arrakastatsua izan zen.

Datorren ikasturteari begira, lanean hasi da dagoeneko Mutiozabal Txo-ren ontziolaren proiektua kudeatzen duen Albaola Itsas Kultur Faktoria. Lehen ikasturtea baliagarria izan zaie proiektuaren inguruko ondorioak ateratzeko eta hausnarketa egiteko. Egitasmoaren ardatza Orioko itsas ondarea zabaltzea da, eta horretarako, estrategikoak dira Orioko ikastetxeak. Dena dela, proiektuak hazten eta egonkortzen jarraitu dezan, Albaolak Euskal Herriko gainerako ikastetxeetara ere zabalduko du eskaintza.

Eraikinaren egokitzapena

Datozen asteetan egokitzapen batzuk egingo zaizkio ontziolaren eraikinari berari, neguko hilabete hotzetan ikasleek barruan lan egiteko aukera izan dezaten. Nolanahi ere, Albaolak ontziolan lanean jarraituko du lanek irauten duten bitartean, eta udan haurrentzako tailerrak eta beste hainbat ekitaldi antolatuko ditu. Datak zehaztu bezain laster emango ditu aditzera.