Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria departamentuko TREBA programaren bidez, bi ikastaro emango dira Orion urrian: Elikadura jarrera osasuntsuak gurasoentzako saioa, urriaren 8an, asteazkenarekin; eta Sexualitatea ezagutuz: emozioak, desira eta tratu ona nerabeentzako ikastaroa, urriaren 15ean, asteazkenarekin.
Azken urteetan hainbat saio egin dira Orion Treba programaren barruan, nerabe, gazte zein gurasoentzat. Saio hauen helburua da giza talde horietako bakoitzaren beharretara eta interesetara egokitutako saioak eskaintzea, doako formakuntza jaso ahal izan dezaten.
Gurasoentzako saioa
TREBA Gurasoak programaren helburua da gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatzea, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko. Tresna arina eta eraginkorra izan nahi du, hainbat eragileren lankidetzaren bidez, guraso izateari dagokion ezagutza lurralde osoan transmititzeko.
Orioren kasuan, Elikadura jarrera osasuntsuak saioa egingo dute urriaren 8an, Salatxo aretoan. Haur eta nerabeen gurasoei zuzendutako htizaldia izango da, 18:00etatik aurrera, eta Mireia Centenok gidatuko du solasaldia. Saioan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea helbide honetara idatzita: kirola@orio.eus.
Nerabeentzako saioa
TREBA Nerabeak prestakuntza-eskaintza, bestetik, 12-16 urte bitarteko Gipuzkoako nerabeei zuzenduta dago, beren ahalduntze-prozesuan laguntzeko. Sexualitatea, ongizate emozionala, albiste faltsuak, kuadrillako saltsak… bezalako gaiak lantzeko saioak egiten dituzte, herriz-herri.
Sexualitatea ezagutuz: emozioak, desirak eta tratu ona ikastaroa urriaren 15ean egingo dute Orion, Salatxo aretoan baita ere. Bi orduko iraupena izango du, 18:30etik 20:30era, eta Udalak dei egiten du ekimenaren berri zabaltzeko, interesa eduki dezaketen herritarren artean.
