Iker Apaolaza (Hernani, 1979) da Orioko Udaleko kultur teknikari berria. Aste honetan egin du bat Udaleko lantaldearekin, eta gogoz heldu die sailaren erronkei.
Zein izan da zure orain arteko ibilbide profesionala?
Urnietako Udaleko kultura sailean aritu naiz hamabost urtez, teknikariaren laguntzaile gisa. Eta, sei hilabetez, Lasarte-Oriako kultura sailean ere izan nintzen, teknikari-lanetan. Horrez gain, Hernaniko Gaztelekuan hezitzaile-lanetan ere ibili nintzen sei urtez.
Nola ikusi duzu Orioko herria?
Abegikorra, txikia eta gertukoa iruditu zait. Eta horrek eragina izan du hona etortzeko hartu dudan erabakian. Herri txikietan gertatu ohi den bezala, hemen ere guztiek elkar ezagutzen dute! Horrez gain, udaletxean harrera oso ona egin didate, eta espero dut herritarrek eta elkarteek ere berdin hartuko nautela. Nire papera ondo betetzen saiatuko naiz.
Nola egingo diozu aurre urrats berriari?
Ilusioz. 42 urte dauzkat eta etapa berri bat hasteko gogoz nago. Nire asmoa gertutasuna erakustea da. Herriarekiko, herritarrekiko eta elkarteekiko. Nire atea beti izango dute zabalik, eta entzuteko prest izango naiz.
Zein dira datozen hiletako erronka nagusiak?
San Nikolas jaiak bertan ditugu, eta datorren astean bigarren Jai Batzordea egingo dugu. Epe motzean, horretan ariko naiz buru-belarri. Bestetik, kultur mahai bat, foro bat, osatzeko asmoa dugu sailean, herriko elkarteek parte hartu dezaten, eta beren proposamenak, kezkak, beharrak, ideiak, eskaintzak… ekarri ditzaten. Gainera, 2022ra begira, Bisiguaren Eguna, Balearen Eguna… gauza asko antolatu nahi ditugu. Lan asko dugu egiteko, ez soilik Udaletik, eta herritarrei pazientzia eskatu nahi diet, herriko inertzia eta ohiturak ez ditudalako oraindik ezagutzen. Baina hartuko dut martxa, eta proiektu polit bat osatuko dugu elkarlanean. Azkenik, saila antolatzea eta modu ordenatuan lan egitea ere garrantzitsua iruditzen zaigu, eta horretarako, prozedurak sortuko ditugu, erraztasunak emanez. Herria pozik uzteko moduko kultur eskaintza bermatuko dugu!