Orioko Bizikidetza Batzordeak Memoriaren Egunaren inguruan antolatutako programa aurkeztu du

 

Azaroaren 10eko Memoriaren Egunaren harira, urritik abendura luzatuko den programa zabala antolatu du Orioko Bizikidetza Batzordeak. Bihar, urriaren 14an, DBH4ko ikasleei zuzendutako argazki-emanaldi batekin hasiko dute egitaraua, eta beste bost ekintza adostu dituzte abenduaren 13ra bitarte.

Memoriaren Egunak motibazio politikoko indarkeria-testuinguruetan izandako biktima guztiak hartzen ditu aintzat. Batzordeko kideek adostutako oharraren arabera, jakin badakite Orion giza eskubideen urraketa ugari izan direla eta horrek sufrimendu handia eragin duela. «Agian, errealitate gordin hori ez dugu bere osotasunean ezagutu; agian, ez gara modu berean hurbildu biktima guztiengana; agian, ez gara jabetu indarkeriak noraino eragin duen gure bizitzetan eta gure ingurukoengan. Eta hori guztia kontuan izanda, egun honen bitartez, indarkeria zuzenean pairatu duten horiekiko gertutasuna eta aitortza adierazi nahi ditugu».

Hurbilketa horretan sakontzeko une egokia izan daitekeela uste dute batzordekideek, elkarri entzuteko eta sufrimendu ezberdinez jabetuta, elkarrekin pausuak emateko, berriro sekula errepikatu ez daitezen. «Bide horretan ari gara lanean bai Bizikidetza Batzordea eta baita oriotarrez osatutako Herritarren Foroa ere. Lantalde bakoitzak bere bidea egiten jarraitzen du, barne-hausnarketak eta lanketak eginez eta bizipen zein ikuspegi ezberdinak partekatzen».

Programa

Azken urteetan modu ezberdinetan ospatu izan da herrian Memoria Eguna, eta besteak beste, adierazpen instituzionalak eta elkarretaratzeak egin izan dira. Aurten, aldiz, sei jarduera antolatuko dira:

> Urriak 14, ostirala: Argazki-emanaldia Bostok Photoko Ander Gillenearen eskutik, DBH4-ko ikasleentzat (bi ikastetxeak). 12:30ean, kultur etxean.

> Urriak 25, asteartea: Iñaki Peñaren S(u/a)minetik bakera ikus-entzunezkoaren emanaldia eta solasaldia. 19:00etan, kultur etxean.

> Azaroak 8, asteartea: Lander Garroren Tipularen sehaska kanta dokumentalaren emanaldia eta solasaldia. 19:00etan, kultur etxean.

> Azaroak 10, osteguna: Icíar Bollaínen Maixabel filmaren emanaldia. 19:00etan, kultur etxean.

> Azaroak 22, asteartea: Minaren eta sufrimenduaren inguruko Eta hik zer? antzerki-foruma. 19:00etan, kultur etxean.

> Abenduak 13, asteartea: Javier Bucesen hitzaldia, 1936tik gaur arte Orion izandako giza eskubideen urraketei buruz Aranzadi Zientzia Elkartea egiten ari den ikerketaren emaitzen inguruan. 19:00etan, kultur etxean.

Hain zuzen, Bizikidetza Batzordea izan da Aranzadi egiten ari den ikerketa horren bultzatzaileetako bat Herritarren Foroarekin batera. Nazioarteko legediaren irizpideak jarraituz egin da urraketen azterketa, eta Udalaren webgunean ikusgai egongo dira laster txostenaren emaitzak. «Lan honi esker, urraketak jasan dituzten herrikideen ahotsak entzun ahal izan ditugu, eta eskuragarri egongo dira aurrerantzean ere».