‘Orioko Genealogia Feministak’ dokumentala estreinatuko dute martxoaren 17an, Gaztetxean

 

Mugimendu feministak Orion izandako bilakaera jasotzen duen dokumentala prestatu du Pertzetik elkarteak. Emakunderengandik eta Orioko Udalarengandik jasotako dirulaguntzen bidez finantzatu dute proiektua, eta hiru belaunaldiren ahotsak biltzen ditu. Estreinaldia martxoaren 17an egingo dute, ostiralarekin, 18:30ean Etxeluze Gaztetxean.

Xaltxerak taldearen ekimenez, herriko mugimendu feministako kideek bidelaguntza-saio batean parte hartu zuten 2021ean. Belaunaldi ezberdinetako emakumeak elkartu ziren bertan, eta era guztietako gaiak jorratu zituzten, elkarrekin. Saio haren ostean, bildutako informazioari forma emateko eta gizarteratzeko ardura hartu zuen Pertzetik elkarteak, eta hala, dokumentalaren proiektua garatu zuen.

Egitasmoak Emakunderen laguntza jaso zuen, eta Udalaren babesa gehituta, ikus-entzunezkoa grabatzen aritu dira ordutik elkarteko kideak. Hiru belaunalditako emakumeak elkarrizketatu dituzte, 15 bat lagun, eta testigantzetan oinarritutako lana prestatu dute, etapa bakoitzaren testuingurua eta mugimenduaren bilakaera herritarrei azaltzeko.

Estreinaldia

Dokumentala martxoaren 17an estreinatuko dute, ostiralarekin, Etxeluze Gaztetxean. Mugimendu feministarekin duen loturagatik aukeratu dute espazioa. 18:30ean hasiko da eta, ondoren, solasaldia egingo dute, Aiora Larrañaga Solaberrieta Karkarako kazetariak gidatuta. Sarrera librea izango da.