Iaz bezala, Udalak eskuorria prestatu du, herritarrei Orioko hezkuntza-eskaintzaren berri emateko, eta bihar, urtarrilak 17, banatuko du buzoietan. Otsailaren 7tik 23ra bitartean egongo da epea zabalik haurrak hezkuntza arautuko ikastetxeetan matrikulatzeko, eta aurrez banatu nahi izan du Udalak eskuorria, herrian daukagun eskaintza ona nabarmentzeko.
Udaleko Hezkuntza Batzordeak prestatu duen eskuorriaren bidez, Orioko ikastetxeei buruzko informazioa zabalduko du Udalak herriko etxe guztietara. Bigarren aldia da hori egiten duela eta, eskuorria banatzearekin, bi helburu nagusi lortu nahi ditu Udalak: batetik, herrian dagoen eskaintza zabalaren berri ematea, eta, bestetik, Orioko haurrek herrian ikasteak duen garrantzia azpimarratzea.
Orion bi ikastetxe daude, HHtik DBHra bitarteko eskaintza egiten dutenak: IPI Zaragueta Herri Eskola eta Orioko Herri Ikastola, eta, horrez gain, bestelako hezkuntza-eragileak ere bai: Maria Maestra Haurreskola, Danbolin Musika Eskola, Ludoteka, Gaztelekua… Guztien artean ederki asetzen dituzte herriko haur eta gazteen ikasketa- eta aisialdi-beharrak eta Udalak bereziki nabarmendu nahi du oso kalitate oneko eskaintza daukala herriak hezkuntza formalaren alorrean.
Bai Zaragueta eskolak eta bai ikastolak euskaraz irakasten dute eta bat datoz herriaren ezaugarriekin eta apustu estrategikoekin: kalitatezko hezkuntza euskalduna eta eleaniztuna, euskal kulturaren transmisioa eta sustapena, Orioko curriculumean oinarritutako edukiak, herrian txertatutako jarduerak, inplikazioa, errespetua, hezkidetzaren lanketa, ingurumenaren zaintza…
Bihar banatuko den eskuorriaren edukia Udaleko Euskara eta Hezkuntza batzordeak landu du, ikastetxeekin elkarlanean.