Orioko Merkataritza Planaren diagnosia argitaratu du Udalak, eta bigarren faseari helduko dio orain

 

Orioko Udalak argitaratu du Merkataritza Fasearen diagnosia, herriko hirugarren sektorearen egoera aztertzen duena. Dendartean Merkatarien Elkarteen Bilkurak egin du lana, Udalaren enkarguz. Udalak Arkupe Orioko merkatarien eta ostalarien elkartea izan du bidelagun proiektu honetan. Diagnosi horren emaitza esteka honetan irakurri daiteke.

Azterketan herriko merkataritzaren, zerbitzu-enpresen eta ostalaritzaren egoera behatu da. Alde batetik, Orioko eskaintza aztertu da, kontsumitzaileei kalean egindako inkesten bitartez. Helburua izan da erosleen profila eta herriko merkataritzari buruzko haien iritzia ezagutzea, eta, bide batez, herritik ihes egiten duen gastua detektatzea, kuantifikatzea eta zergatiak ondorioztatzea.

Konfiantza-giroa eta euskara baloratzen dute erosleek

Besteak beste, konfiantza da kontsumitzaileek gertuko merkataritzaz nabarmentzen duten ezaugarria. Horrez gain, euskarazko arreta jasotzea ere garrantzitsua zaie. Oro har, elikagaiak eta kultura arloko erosketak herrian egiten badira ere, beste alor batzuetan handia da ihes egiten duen gastua; etxerako eta norberarentzako ekipamenduak, esaterako: dekorazioa, etxetresnak, arropa, zapatak…

Eskaintzaren azterketa

Beste alde batetik, eskaintza aztertu da, Orioko merkataritza-establezimenduen egoera eta azken urteetako bilakaera. Bataz beste, establezimendu bakoitzeko ia 4 lanpostu sortzen dira herrian, eta gehienak emakumeek betetzen dituzte. Ekintzaileen indarra ere esanguratsua da: azken 15 urteetan negozio dezente ireki dira, sektorearen zailtasunak zailtasun.

Planak beste hainbat alderdi ere jorratzen ditu, esaterako, herriko hirigintza komertziala eta lokal hutsen errolda bat ere egiten du.

Azterketaren emaitza eskuartean, Udalak hurrengo faseari ekingo dio orain, eta diagnosi horretan oinarritutako ekintza-plan bat osatuko du, herrian ikusi diren gabeziei aurre egiteko.