Orioko Meskita: Elkartasuna, abiapuntu eta jomuga

Irailaren 8ko lurrikarak hondamendi handia eragin zuen Marokon, eta kaltetutakoei laguntzeko materiala biltzeari ekin zion Orioko Meskitak, Udalak babestuta. Espero baino harrera beroagoa jaso dutela aitortu digute antolatzaileek, eta bilketak balio izan duela herritarrak meskitara hurbiltzeko. Ekimenaren atzean dauden Aicha Ben Yerrou, Ghariba El Ghailani, Karima Essarroukh El Hamddani, Chaimae Oulad eta Warda el Kattoumi Mallal-ekin izan gara.

Nola joan da bilketa, zein balorazio egin duzue?

Oso pozik gaude izandako harrerarekin! Jendea arratsaldero etorri da, eta gauzak ekartzeaz gain, laguntza ere eskaini digute, lan handia izan baitugu: materialak jaso, sailkatu, zerrendatu… Hamabi emakume arduratu gara egunerokoaz, eta oso ondo moldatu gara.

Bilketa meskitan egitea ere oso positiboa izan dela iruditzen zaigu. Zalantzak genituen, oriotar askorentzat ezezaguna baita. Baina materiala ekartzera hurbildu direnean, lotsatuta baina jakin-minez begiratzen gintuztela konturatu gara, eta barrura sartzeko aukera eman diegu, espazioa ezagutzera, egiten dugun lana ikustera… Haur asko, gainera, gureekin jolasean ibili dira, eta badira gero ere etortzen jarraitzeko ohitura hartu duten emakume batzuk.

Bi ikastetxeetatik ere talde bana etorri da; aspalditik zuten hona txangoa egiteko asmoa, eta hau aukera ezin hobea izan da, ikasleek meskita ezagutzeko.

Horrez gain, gure arteko harremana sendotzeko ere balio izan digu ekimenak. Duela urtebete inguru sortu genuen taldea, eta elkar ondo ezagutzen genuen arren, halako zerbait elkarrekin antolatzeak gehiago elkartu gaitu.

Hamabi emakumek gidatu duzue bilketa, beraz?

Bai. Gizonak garraioaz arduratu dira, eta bildutako guztia Marokon dago jada. Egunerokoan elkartzen den talde finkoa hamabi bat emakumek osatzen dugu, eta ondoan, badira haien seme-alabak eskoletara ekartzen dituzten familiak ere.

Herritar askorentzat meskita ezezaguna dela diozue…

Bai, gehienek ez dute ezagutzen. Duela 15 urte zabaldu genuen, eta inaugurazio-festa egin zen orduan. Baina oriotar gehienek ez dakite aretoa nolakoa den; arabiera ikasteko eskolak ematen ditugula dakite, ez besterik.

Eta zein jarduera egiten dituzue?

Musulmanon kultura eta islama lantzeko eskolak ematen ditugu astean bitan, eta horrez gain, gure egutegiko jaiak antolatzen ditugu. Meskita elkargune bat da guretzat, eta bestelako aitzakiak ere bilatzen ditugu elkartu eta ospatzeko. Azken festa, esaterako, Hadisha izeneko emakumea omentzeko antolatu genuen. 60 urtetik gora daramatza Orion, baina azken bederatziak adinekoen egoitza batean egin ditu, eta ez dugu harekin harremanik izan. Horregatik, meskitara ekarri eta festa bat antolatu genion; asko emozionatu zen eta oso ondo pasa genuen.

Nolakoak dira aipatu dituzuen eskola horiek?

Taldeko bi emakume arduratzen gara eskolak emateaz. Islamiar istorioak kontatzen ditugu, baita Korana ere, eta gure kulturaren eta erlijioaren balioak helarazten dizkiegu haur eta gazteei. Arabiera ere erakusten dugu. Senegaldik, Pakistandik… etorritako ikasleak ere baditugu, guztiak ez dira Orion bizi, inguruko herrietatik ere hurbiltzen dira. 5 eta 14 urte arteko hogeitik gora haur dauzkagu orain, baina iaz hogeita hamabost izatera iritsi ginen.

Topagune gisa ere definitu duzue meskita…

Bai, gu hemen elkartzen gara. Materialak biltzen ibili garenean, esaterako, jateko zerbait ekartzen genuen gutako bakoitzak eta seme-alabekin afari-merienda modukoa egiten genuen ondoren. Bilketa bukatutakoan, sekulako hutsunea sentitu dugu!


Errezorako gunea ere bada?

Ostirala egun sakratua da guretzat, eta horregatik, eguerdiko errezoan elkartzen da jende gehien meskitan. Musulmanontzat errezoa da konpromisoa ikasteko modua, egiten ari garen hori utzi behar dugulako momentu horretan.  Era berean, oso garrantzitsua da guretzat gure seme-alabak ahalduntzea, beren kulturarekin, hizkuntzarekin eta erlijioarekin harro sentitu daitezen, eta ezberdina izatea aberasgarria dela ulertu dezaten. Baina hori guztiok egin beharreko lanketa da…

Zuen historiak ezagutu nahiko genituzke.

Batzuk Orion, Euskal Herrian edota Espainian jaio bagara ere, gehienak Marokotik etorritakoak gara. Hemen jaio garenok ingurukoen galderak erantzun behar izan ditugu, eta balioetan aberatsa zarela ulertu arteko bidea luzea izan da. Ezberdina sentitzen zara taldean, eta batzuetan zaila da hori kudeatzen. Horregatik, gure seme-alabei azalpenak ematen ahalegintzen gara. Ziurrenik, guk jaso ez genituen azalpenak dira, baina kultura errotik ulertu dezaten nahi dugu, eta ondoren, haien ardura izango da zer nahi duten erabakitzea. Zentzu horretan, sare sozialek eta ikus-entzunezkoek mesede egiten digutela uste dugu, geroz eta gehiago direlako bertan irudikatuta azaltzen diren musulmanak.

Eta oro har, euskaldunek ondo ulertzen gaituztela iruditzen zaigu, hizkuntza eta kultura ezberdin bat izatea zer den ongi dakitelako. Erroak eta hizkuntza mantentzea, helburu bera dugu. Orioren kasuan, bi ikastetxeek esfortzu handia egiten dute gure kulturara hurbiltzeko: festa batzuetan elikagaiak egokitu dituzte, hitzaldiak eskaintzera joan izan gara… Gure seme-alabak ez dira ezberdinak sentitzen, gu ere herrian integratuta gaudela ikusten dutelako. Eta hori oso positiboa da.

Meskita, gainera, edonorentzat dago zabalik.

Bai, interesa duen edonor etorri daiteke. Elkartzeko, hitz egiteko, haurrek jolasteko… gune bat da.

Badu Saregile Orioko Emakumeon* Etxearekin antzekotasuna…

Bai, hala da! Gure kulturan oso ohikoa baita emakumeak alde batetik eta gizonak bestetik elkartzea. Ez da bereizkeria, erosotasuna baizik: emakumeontzako espazioak ditugu elkarrizketak izateko, festak ospatzeko, elkarrekin egoteko… Guretzat, ez du matxismoarekin zerikusirik, gizon eta emakumeok elkarrekin egoteko espazioak ere baditugulako. Betidanik izan ditugu, eta asko eskertzen ditugu.

Gustura sentitzen zarete herrian, errespetatuak?

Bai, oso. Arabieraz esan ohi dugu, etxea baino garrantzitsuagoa dela auzokideak aukeratzea, eta funtsezkoa iruditzen zaigu bizilagunak zaintzea. Azken batean, hori baikara, herritarrak, bizilagunak.

Eta zein mezu helarazi nahiko zeniekete bizilagunei?

Esker oneko mezua. Bagenekien oso solidarioak izango zirela, baina ez genuen halako harrerarik espero, eta oso pozik gaude. Guretzat oso garrantzitsua da ongia egitea, bueltan ezertxo ere espero gabe.