Orioko Udalak aitortza egin dio Imanol Alguacili, futbol-zelaiko berrikuntzak aurkezteko ekitaldian 

 

Udalak ekitaldia antolatu zuen atzo iluntzean, irailak 21, Mendibeltz futbol- eta sofbol-zelaian egindako berrikuntzak herritarrei aurkezteko. Aurkezpenean parte hartu zuten Anuska Esnal Orioko alkateak, Ainara Munduate zinegotziak, Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak, Harkaitz Agirre Orioko Futbol Taldeko presidenteak, Mikel Aiartzaguena Zarautz Kirol Elkarteko ordezkariak, eta Orioko eta Zarauzko senior mailako futbol-taldeetako jokalariek. Haiekin batera izan ziren Udaleko kirol saileko ordezkariak eta herriko futbol-eskolako gaztetxoak ere.

Berrikuntzak 

Bertaratuei ongietorria eman ostean, ekitaldia orain egitearen zergatia azaldu zuen Munduatek: «Lehenago antolatu nahi genuen, baina, pandemia dela eta, ezin izan dugu irekiera hau orain arte egin herritarrez inguratuta». 2020an futbol- eta sofbol-zelaiko belar-artifiziala berritzeko lanak egin zituen Udalak, «aspalditik zetorren eskaerari erantzunez». Eta «obra batek bestea dakarrenez, beharrak errazago ikusten direlako, aurten argiteria ere aldatu da», gaineratu du.

FIFA Quality ziurtagiria jaso duen 60 milimetroko eta azken belaunaldiko belar-artifiziala jarri zen Mendibeltzen. Fieldturf Poligras enpresari adjudikatu zitzaion lana eta 350.932,43 euroko kostua izan zuen. Horrez gain, eserlekuak, ateak, kornerretako banderatxoak, jokalarientzako eserlekuak eta ureztapen-sistema ere berritu ziren.  Argiteriari dagokionez, ostera, LED teknologiako 930 wattioko 27 proiektore instalatu dira aurten 4 dorretan, 20 metroko altueran. Gainera, potentzia telematikoki kontrolatzeko sistema dauka, eta aurrekoak baino % 53 energia gutxiago (behintzat) kontsumitzen du. Lana Inelco 2001 enpresari adjudikatu zitzaion eta 50.551 euroko kostua izan zuen.

Eskertza eta aitortza

Agirrek, bere aldetik, eskerrak eman zizkien Udalari, herritarrei eta Imanol Alguacili eta, ondoren, Imanolek Orioko taldean egindako ibilbidea gogoratu zuen: «Imanol bera jokalaria izan zen gurean, baina baita entrenatzaile eta laguntzaile ere… Denetik egin behar izan du! Eta borondatez lan egiten duten entrenatzaile horiek gabe ezinezkoa litzateke gaur zelaia neska-mutilez beterik egotea».

Esnalek, segidan, futbol taldearen lana nabarmendu zuen: «Udalaren zeregina da herritarrei entzun eta haien eskaerei erantzutea, baina ondoren zelaia hutsik balego, lan horrek ez luke ezertarako balioko. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuet Orioko Futbol Taldekoei, herriko neska-mutilekin egiten duzuen lanagatik, bereziki, harrotasunez betetzen gaituzten baloreetatik abiatuta: garaipen isila, konstantzia, esfortzua… Eta horren ikur norbait bada, Imanol da. Guretzat ohore bat da zure herrikide izatea, ez garaipenengatik, egunero erakusten duzun umiltasunagatik baizik; zure jarrera, erori ostean behin eta berriro altxatzea… Eta ospatzea tokatzen denean ere, maisutasunez eta era diskretuan egiten duzulako». Ekitaldiaren bidez, herritarren berotasuna transmititu nahi izan dio Udalak Imanoli.

Jarraian, Elene Tamayo oriotarrak egindako Besarkada izeneko lana eman zion Alguacili. «Irudian baso bat ageri da, eta bi besok atzetik besarkatzen dute. Zuk ere hori irudikatzea nahi genuke: momentu zailetan, herri guzti bat duzula atzean zu besarkatzen», azaldu zuen Esnalek. Koadroa eskutan, esker oneko hitzak eskaini zizkien Alguacilek bertaratuei: «Amonak esaten zidan oso garrantzitsua zela esker onekoa izatea, eta bereziki, Oriori eskerrak ematea. Bada, momentu hori iritsi da: eskerrik asko Orioko herriari, hemen zaudeten futbol taldeei eta aupa Orio!».

Aiartzaguenak ere, Zarautz Kirol Elkartearen partez, oroigarri bat eman zion Alguacili: «Gure klubetik ere pasa zinen, eta oroigarriak dioen bezala, harrobian zein elitean, beti langile izan zara. Eta hori goraipatzekoa da».

Ekitaldiari bukaera emateko, Orioko eta Zarauzko senior mailako futbol-taldeen arteko lagun arteko partida jokatu zen. Alguacilek berak egin zuen ohorezko sakea, eta ikusleek txalo-zaparrada handi batekin agurtu zuten.