Orioko Udalak 14. Bisiguaren Festa aurkeztu du gaur

Gaur goizean aurkeztu dute uztailaren 14tik 16ra ospatuko den 14. Bisiguaren Festa. Agerraldia Herriko Plazan egin da eta bertan izan dira Anuska Esnal Orioko alkatea; Udaleko ordezkari politiko Olatz Santamaria, Ainara Munduate, Iñaki Makazaga eta Lourdes Salsamendi, aurreko agintaldiko turismo-batzordeko kide Jose Angel Iparragirrerekin batera; Adrian Garcia turismo-teknikaria eta herriko bederatzi parrilleroak: Katxina jatetxeko Joxe Miel Zendoia, Xixario jatetxeko Luis Mari Uranga eta Juan Carlos Martinez, Joxe Mari erretegiko Mikel Manterola, Sarasua erretegiko Joseba  Etxezarreta, Orioko Barra jatetxeko Unai Holgado, El Vaskito jatetxeko Iñaki Azkue, eta Euskal Parrillako Aitor Atorrasagasti eta Aratz Arregi. Parrilleroek, gainera, zuzenean erre dute bisigua ekitaldian. Haiekin izan da Mutiozabal Txoren ontziolako Eider Arruti arduraduna.

Esnalek adierazi duenez, «Kultura eta ondare naturala nabarmentzeko aukera ematen digu festa honek. Izan ere, ondare immaterial horren parte da gastronomia, eta horren ardatza da herria berezi egiten duen ezaugarria: parrillak. Errioaren bidez itsasoari lotuta bizi izan da Orio, eta itsasoak ogibide asko eman dizkie oriotarrei, tartean, arrantzarena». Beraz, Bisiguaren Festaren bidez, omenaldia egin nahi zaie arrantzale izan diren eta diren guztiei, eta, orokorrean, arrantzari lotutako lanbideei.

Jarraian, festaren inguruko informazio praktikoa eskaini du Garciak: «Azken edizioetan bezala, aurten ere hiru egunetara mugatuko da egitaraua, eta lau otordu emango dira guztira: ostiraleko afaria, larunbateko bazkaria eta afaria, eta igandeko bazkaria. Bakoitzean 220 pertsona inguruk jango du».

Hau izango da menua:

  • Lodosako zainzuriak
  • Tomate eta hegaluze-entsalada
  • Bakailao-kokotxak saltsa berdean
  • Bisigua, parrilan erreta
  • Postrea
  • Kafea eta edaria

Otordutarako txartelak

Txartelak uztailaren 3an jarriko dira salgai turismo-bulegoan, San Pedro jaien ondoren. 60 euroko prezioa izango dute, eta lehen egun horretan, oriotarrek soilik erosi ahal izango dituzte. Uztailaren 4tik aurrera, ordea, kanpotarrei ere emango zaie erosteko aukera.

Pertsona bakoitzak, gehienez, mahai bat erreserbatu ahal izango du, hau da, 10 lagunentzako lekua. Ez da onartuko pertsona batek zerbitzu berean mahai bat baino gehiago hartzea, nahiz eta beste pertsona baten nortasun-agiria edo ordezkapen-agiria izan.

Iaz bezala aurten ere, sarrerak erosteko unean bertan ordaindu beharko dira, txartelarekin edo eskudirutan. Telefono bidez erreserba egiteko aukera izango da (turismo-bulegoa: 943 83 55 65), baina ordaindu izanaren ziurtagiria erakutsi beharko da erreserba egin eta 24 orduko epean, erreserba konfirmatzeko. Kontuan izan behar da, gainera, egun horretan jende asko espero dela turismo-bulegoan, eta bertaratzen direnek izango dutela lehentasuna. Alegia, baliteke bulegoko arduradunak telefonoari erantzuteko aukerarik ez izatea.

Programa

Otorduez gain, beste hainbat jarduera ere egingo dira hiru egunetan. Hau izango da programa:

Uztailak 14, ostirala

  • 17:00-19:00 Haurrentzako tailerrak, Mutiozabal Txoren ontziolan, Albaola Itsas Kultur Faktoriaren eskutik.
  • 20:00. Aurkezpen-ekitaldia, Herriko Plazan. Salatxo abesbatzak, Pello eta Nikolasak eta Harribil dantza-taldeak hartuko dute parte. Parrilleroek plaza inauguratuko dute eta aitortza egingo zaio omenduari.
  • 21:00. Afariak, Herriko Plazan.

Uztailak 15, larunbata

  • 12:00. Sagardo-dastaketa, Herriko Plazan.
  • 12:00. Marmitakoa, Herriko Plazan. Razioak 3€an salgai.
  • 14:00. Bazkariak, Herriko Plazan.
  • 21:00. Afariak, Herriko Plazan.

Uztailak 16, igandea

  • 12:00. Bisigu-lehiaketa Orioko elkarte gastronomikoen artean, Herriko Plazan.
  • 14:00. Bazkariak, Herriko Plazan.

Ekitaldiak Eusko Jaurlaritzaren Arrantza Sailaren, Hazi fundazioaren eta Eusko Labelen babesa du.