Orioko alkate Anuska Esnal Olidenek eta Olatz Santamaria, Bittor Andres, Ainara Munduate, Iñaki Makazaga eta Lourdes Salsamendi zinegotziek agerraldia egin dute gaur goizean, Salatxo aretoan, Guk Oriori atari digital berria aurkezteko. Proiektuaren helburua da Orioko Udalak zehaztutako herri-erronken inguruko informazio osatua eskaintzea, eta horrez gain, herritarren parte-hartze proiektuentzako gune bat izatea. Ataria martxan dago gaurtik www.gukoriori.eus helbidean.
Esnalek adierazi duenez, «Badira pare bat urte Udalak Marea bizian lelo berria aurkeztu zuela, bere egiteko moduari erreferentzia eginez. Izan ere, leloak herri oso baten inplikazioari egiten dio erreferentzia, eta horri lotuta, guk ere parte-hartze prozesuak martxan jarri genituen, mahai batzuk berraktibatu, bilera irekiak egin… elkarlanean aritzeko». Herria marea bizian nabigatzen ari dela gaineratu du, baina norabide jakin batekin, inprobisaziorik gabe, eta horren berri herritarrei ematea funtsezkoa delako sortu duela Udalak Guk Oriori ataria, «urte eta erdiz eta mimo handiarekin landutako proiektua».
Orain arte, orio.eus atariaren bidez eman du Udalak bere lan eta egitasmoen berri, baina eduki horiek gainerako oharren eta albisteen maila berean kaleratzen ziren. Horregatik, herriko erronkekin lotura duten proiektuak hautematen eta horien jarraipena egiten lagundu nahi die Udalak herritarrei, ekintza bakoitzak zein helburu orokorri erantzuten dion ikusarazteko. «Udalarentzat gardentasun-ariketa bat izan da, zinegotzi eta teknikariek elkarlanean egin duguna; zein puntutan gauden eta norantz goazen erakusten dugu www.gukoriori.eus atarian, eta oriotar guztion iparrorratza izango da», borobildu du.
Udalak 11 erronka definitu ditu eta, horien baitan, 38 lan-lerro. Erronka horiek Orioren lehentasunei erantzuten diete, eta dagoeneko martxan dauden, laster aktibatuko diren ala etorkizunean diseinatuko diren egitasmoei koherentzia eta batasuna ematen diete. «Hauek dira Orioren 11 erronkak», zehaztu ditu Santamaria alkateordeak: «Berdintasunerantz, Ekonomia lokala, Kultur-sarea, Herri-eredua, Mugikortasun jasangarria, Orio herri euskalduna, Hezkuntza elkarrekin, Zaintza komunitarioa, Osasuna erdigunean, Ingurumenaren defentsan eta Herri-ondarea». Erronkak ez bezala, lan-lerroak zabaltzen eta osatzen joango dira, proiektuek aurrera egin ahala, urrats egin ahala. «Eta herritarrak bilakaera horren parte izango dira», gehitu du.
Erronka bakoitzaren orrialdean, gainera, erlazionatutako edukien atal bat gehitu da. Bertan, orio.eus atarian gai zehatz horri lotuta kaleratu diren albisteak jasotzen dira, kasu askotan, lan-lerroen baitan egindako aurrerapenei erantzuten dietelako. Eta, era berean, orio.eus atarian kaleratzen diren eta erronka estrategikoei erantzuten dieten edukiek, www.gukoriori.eus atarira lotura izango dute aurrerantzean. Horrela, bi atarien arteko elkarrekintza sustatuko da, eta komunikazioaren ziklo osoa borobildu.
Parte-hartze proiektuak
Parte-hartze prozesuen jarraipena egiteko beharra ere identifikatu du Udalak. «Gure lan egiteko modua elkarlana da eta, horri lotuta, aurrez aurreko bilerez eta elkarrizketez gain, espazio digital baten beharra ere ikusi genuen, unean uneko informazioa emateko eta herritarrekin konektatuta egoteko», adierazi du Esnalek. Hori dela eta, parte-hartze proiektuak jasotzeko, izen bereko atala du www.gukoriori.eus atariak eta, uneotan, Andra Mariko gunearen egitasmoa ageri da bertan.
«Udalak arkitektura-bulegoei zuzendutako ideia-lehiaketa egin zuen urte hasieran, eta jasotako proposamenen bideragarritasuna aztertu zuen Udaleko Bulego Teknikoak. Horietatik 5 aukeratu dira eta, herriko eragileekin kontrastatu ondoren, laster zabalduko zaie herritarrei beren iritzia emateko aukera», azaldu du Santamariak. Parte-hartze proiektuen baitan, gainera, agenda bat txertatu da. Horren bidez, proiektu zehatz bati lotuta egingo diren bileren, deialdien eta bestelako hitzorduen berri izango dute herritarrek, eta uneoro jakingo dute ekimena zein fasetan dagoen.
Zubiak atala
Atariaren helburua herritarren eta Udalaren arteko komunikazioa indartzea denez, orain arte orio.eus webgunean eskaintzen zen baliabideetako bat ere bereganatuko du Guk Oriori atariak: Udaleko langileekin hitzordua hartzeko edo iradokizunak egiteko galdetegia. Zubiak atalean dago eskuragarri, eta aukera ematen du alkatearekin ez ezik, zinegotziekin eta sail guztietako teknikariekin hitzordua hartzeko.
«Komunikazioak bi norabidetakoa izan behar du, hori oso argi izan dugu hasiera-hasieratik. Gu guztiok, Udalak eta herritarrok, osatzen dugu Orio, eta tresna honek epe laburreko eta luzeko begiradekin aldi berean lan egiteko aukera emango digu. Lanketa handi baten ondoren iritsi gara honaino, eta informazio guztia herritarren eskura jartzea urrats garrantzitsua izan da».