Orioko Udalak hitzarmena sinatu du Elkarrekin Garraiorako elkartearekin

 

Adimen urritasuna duten hainbat oriotar joaten dira egunero autobusean Zarauzko Gureak tailerrera, lanera. Autobus-zerbitzu horren kudeaketaz eta langileen egoeraren jarraipena egiteaz arduratzen da Elkarrekin Garraiorako elkartea, eta Orioko Udalak hitzarmena sinatu zuen joan zen astean elkartearen zuzendari Iñaki Sarasuarekin, urteko jarduna bermatzeko.

Elkartea 2013an sortu zen, Gureak enpresa-taldeak Orion zuen tailerra itxi eta langileak Zarautzera bideratu zituenean. Zarautzerako joan-etorriak segurtasunez eta askatasunez egin ahal izateko, autobus-zerbitzua kontratatu zuten orduan elkartea osatzen duten familiek, eta Orioko Udalak zerbitzu hori bermatzeko laguntza ematen die.

Zerbitzua herriko familiei zabalik dago, eta Zarauzko Gureak tailerrera joateko beharra duten langile guztiek dute autobusa erabiltzeko aukera.