Haien urteroko jarduna aurrera eraman ahal izateko eta herriko aisialdi eta kultur eskaintza zabaltzeko,Udalarekin hitzarmenak sinatu zituzten joan zen astean Errikotxia bertsozale-elkarteak eta Ostargi aisialdi-elkarteak. Lau urteko iraupena izango dute biek, eta epe horretan elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek.
Errikotxia bertsozale-elkarteak Orion bertsozaletasuna sustatzea du helburu, herrian euskal kulturaren eta hizkuntzaren bizi-indar erakusle gisa. Gainera, bertso-eskolaren bidez, herriko haur eta gazteengana heltzen dira, adin eta ezagutza-mailaren araberako taldeekin. Gaztetxoei ez ezik, bertsotan aritzeko eta sakontzeko nahia duten helduei ere horretarako aukera ematen die elkarteak, eta herrian antolatzen diren bertso-saioen antolaketa bere gain hartzen du.
Jardun horrek segidan izan dezan, Errikotxia elkarteko presidente Rosi Lazkano Larrañagak sinatu zuen hitzarmena Udalean.
Ostargi elkartea
Ostargi aisialdi elkartearen kasuan, paper garrantzitsua jokatzen du herrian eskulangintza eta emakumeen ahalduntzea indartzeko. Jarduera eta ikastaroak antolatzen ditu, eta parte-hartzaileen arteko harremanak indartzen eta isolamendua saihesten laguntzen du horrela. Ostargiren tailerretan herriko emakumeak izaten dira nagusi, eta ingurumenarekiko defentsa eta sentsibilizazioa ere lantzen dute, materialen berrerabilgarritasuna sustatuz.
Ostargiren izenean, Marian Lazkano Larrañaga presidenteak sinatu zuen hitzarmena Udalean.