Orioko Udalak urratsak egin ditu herri zaintzaile bateranzko bidean, eta abendutik martxorako programazioa aurkeztu du

Orioko Udalak 2023an abiatu zuen herriko zaintzaren inguruko azterketa eta lanketa prozesua. 2024ko martxoan Zaintzak Plazara ekimenarekin eman zion hasiera zaintzaren inguruko gogoeta eta sentsibilizazio-prozesuari. Ondoren, zaintzarekin lotutako herriko eragileekin, elkarteekin eta herritarrekin bilera eta lansaio ugari antolatu zituen, eta horri esker, urte bukaeran Orioko Zaintzaren Diagnostikoa aurkeztu zuen. 

Ordutik, herriko zaintza sistema eraldatzeko gidalerroak finkatu ditu, eragileekin elkarlana sendotu du, eta herritarren parte-hartzea ardatz duen bide-orria finkatu du; eta orain, abendutik martxora luzatuko den Zaintzak Plazara gogoeta saioak antolatuko ditu.

Jarduerek helburu argia dute: zaintza ikuspegi zabal eta komunitariotik lantzea, eta herritar guztien hausnarketa bultzatzea. Hau izango da egitaraua:

– Abenduak 12, ostirala: Esne Berriketan bertso-saio literarioa.  Uxue Alberdi eta Amorante. Bertsotan: Miren Artetxe eta Maider Arregi. Kultur Etxean, 19:00etan. Sarrerak turismo-bulegoan eta Saregilen izango dira eskuragai abenduaren 3tik aurrera.

– Urtarrilak 12, 19, 26 eta Otsailak 2: “Hitz egin dezagun gure zaintzaz” saioak, Olaia Aranaren eskutik. Besteak beste, zaintza pertsonalen, medikuen, administratiboen eta ekonomikoen inguruan gogoeta egiteko espazioak izango dira, eta aurrez izena eman beharko da. Kultur Etxean, 17:30ean.

– Otsailak 24, asteartea: “Zahartzeko manerak euskal literaturan”. Arantxa Urretabizkaia, Yolanda Arrieta eta Mari Luz Esteban. Dinamizatzailea: Iratxe Retolaza. Saregilen, 18:00etan.

– Martxoak 12 – “Jone, batzuetan” filmaren proiekzioa. Kultur Etxean, 19:00etan.

Orioko Zaintzaren Estrategia

Orioko Udalak bost erronka estrategiko zehaztu ditu zaintzaren eraldaketa-prozesuari lotuta, hain justu, gogoeta saioekin lerrokatuta daudenak, eta horien bidez, Orio herri zaintzailea bihurtzea da asmoa, herri konpromisoa hartuta. 

01. Zainketa-lanak eraldatzeko egiturak sortzea
Udalak lehentasuna emango dio tokiko zainketa-sistema eraldatzea ahalbidetuko duten antolaketa-oinarriak indartzeari. Horretarako, martxan dagoen talde eragilea indartuko da, eta Orioko Zaintza Mahaia eratuko da, zaintzaileak, eragile komunitarioak eta herritarrak bilduko dituen talde parte-hartzailea. 

02. Zaintzaren pedagogia zabaltzea
Zainketen inguruko prestakuntza eta sentsibilizazioa funtsezko oinarriak dira udalerrian aldaketa bultzatzeko. Horregatik, Udalak prestakuntza-jardueren programazio egonkorra finkatuko du urtean zehar, gizarte-kontzientzia eta zainketei buruzko begirada kritikoa zabaltzeko. 

03. Zaintzaileen bizi- eta lan-baldintzak hobetzea
Eraldaketa prozesu honen ardatza, hain zuzen, egunerokoan zaintza lanei eusten diotenen baldintza duinak bermatzean datza, maila profesionalean zein afektiboan. Etxez etxeko laguntza-zerbitzuan hobekuntzak bultzatuko dira eta zaintzaileen profilak mapeatzeko eta antolatzeko prozesu bat garatuko da.

04. Erantzunkidetasuna eta erkidegoko sarea indartzea
Zainketak komunitate indartsu eta aktibo batean bakarrik berma daitezkeenez, Udalak boluntariotza-sare baten egituraketa sustatuko du, auzozainen figuraren bidez. Konpromiso zehatzak hitzartuko dira tokiko elkarteekin.

05. Zainketen lurralde-estrategia
Herri zaintzaile bat eraikitzeko, ezinbestekoa da lurraldearen plangintzatik abiatzea. Horregatik, Udalak hirigintza zaintzailearen ikuspegia garatuko du, pertsona guztien eguneroko bizitza eta autonomia errespetatu eta erraztuko dituen espazio publikoak ahalbidetzeko.