‘Orioko Zaintzaren Diagnostikoa’ eskuorria eskuragai dago Udalaren eraikinetan

Orioko Udalak herriko zaintza-eredua eraldatzeko prozesua abiatu zuen 2024aren hasieran eta, urtea itxi aurretik, Matia Fundazioarekin eta Emagin Elkartearekin elkarlanean osatutako Orioko Zaintzaren Diagnostikoa kaleratu du, eskuorri formatuan. Udaletxeko mostradorean zein kultur etxean eskura daiteke eskuorria, gaurtik aurrera, eta datozen asteetan Saregilen, Eguneko Zentroan, Zaharren Babeslekuan, kiroldegian eta anbulatorioan egongo da, besteak beste. Eskuorria online ere ikusi daiteke Guk Oriori atarian.

Orioko Udalak lankidetza bikoitz bati esker egindako urtebeteko prozesua borobildu berri du. Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Saregile Orioko Emakumeon* Etxeak gidatu dute dinamika, eta Emagin Elkartea eta Matia Fundazioa izan dituzte bidelagun.

Haiekin batera, zaintza-sistema sostengatzen duten zenbait eragile publiko-pribatu eta komunitariok hartu dute parte diagnostikoan, eta informazioa biltzeko beste bide batzuk ere erabili dira: herritarrei zabaldutako galdetegia, aurrez aurreko elkarrizketak, taldekako eztabaidak eta tailerrak. Ehunka lagunen testigantzak jaso dira, eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei horrelako erantzuna emateagatik.

Dokumentu horrek gaur egungo Orioko zaintzen egoera azaltzen du. Zaintza-lanak zer diren zehaztuz abiatzen da eskuorria, eta zaintzaren krisiaren baitan, Orioko ekosistemaren argazkia egiten du: zenbat herritar dauden zaintza-egoeran, zein motatako zaintza jasotzen duten, zein zaintza-zerbitzu eskaintzen diren herrian eta nola kudeatzen diren… Eta horietako bakoitzari lotuta, herritarren testigantzak jasotzen dira.

Datozen urratsak

Herriko zaintza-eredua eraldatzeko lehen urratsa izan da 2024an egindakoa. Zaintzak Plazara! ekitaldiarekin hasi zen prozesua eta, ordutik, herritarrei zuzendutako hainbat jarduera ireki antolatu dira: online galdetegia, Zaintzak Aztergai lansaioak, Zaintza Guneak eta gai zehatzen inguruko tailerrak. Horiez gain, aurrez aurreko elkarrizketa ugari egin dira zaintzen alorrean lan egiten duten profesionalekin, baita zainduak eta zaintzaileak diren herritarrekin ere. Eta guzti hori oso aberasgarria izan da herritarren beharrak detektatu eta etorkizuneko urratsak definitzeko.

Urtebeteko prozesua borobildu bada ere, aurtengo lanketa herriko zaintzen eraldaketa-prozesuaren hasiera besterik ez da izan. Diagnostikoaren amaieran zehazten den bezala, herriko eragileek hainbat konpromiso hartu dituzte, eta urrats hauek zehaztu dituzte datozen hiletarako:

  • BALIABIDEEN MAPA

Herrian dauden baliabide publiko, pribatu eta komunitarioen mapaketa egingo da, eta haien arteko harremanak zein diren identifikatuko da. Gaur egun herrian dauden zaintzara zuzendutako baliabideak eta bitarteko potentzialak identifikatzeko tresna izango da.

  • ZAINTZA-GUNEAK

Zaintzaile profesional, afektibo, guraso, adineko pertsona zein komunitateko elkarte eta norbanakoekin lanerako guneak ireki dira udazkenean, eta segida izango dute 2025ean. Horietan, Orion aurrera begira egin nahi diren ekintzak jasoko dira, eta horiek gauzatzeko baliabideak eskainiko dira.

  • SENTSIBILIZAZIOA ETA TREBAKUNTZA

Gaur egungo egoeraren gaineko kontzientzia areagotzeko eta zaintza-eredua aldatzeko, ezinbestean, zaintza-eredu berrien gaineko trebakuntza jaso behar da. Horregatik, zaintza-lanekin lotutako askotariko gaiak landuko dira, berariazko programazioaren bidez.

  • HERRI-AKORDIOA

Orain arte adierazitako herri mailako ardura eta konpromiso zehatzetan oinarritu behar da. Akordio horren bidez, zaintzaren ekosisteman dauden eragile publiko, pribatu zein komunitarioak bilduko ditu Udalak, bide-orri zehatz bat garatzeko.