Ostegunean abiatuko da ‘Arrantza eta gastronomia’ hitzaldi-sorta

Parrillen Festa urriaren 3tik 5era ospatuko dugu herrian. Baina horren aurretik, motorrak berotzen hasteko, herriko itsas ondarean sakontzeko hiru hitzaldi egingo dira irailean, Arrantza eta gastronomia izenburupean. Lehen saioa ostegun honetan izango da, irailak 11, Salatxo aretoan.

Orioko Kofradiako presidente Jon Mujikak hartuko du hitza, eta Zer eta nola arrantzatzen da gure itsasoetan? gaia izango du aztergai. 

Izan ere, itsasoari lotutako herria da Orio, eta mende luzez, honen inguruko jardunak moldatu ditu herriko harremanak, ekonomia, festak, arkitektura, eta beste hainbat alderdi. Baina oriotar gehienok oso oinarrizko informazioa dugu arrantzaren inguruan. Ez dakigu gure itsasoetan zer arrain arrantzatzen den, nola, zenbat, zergatik… Eta jakintza hori guztia oso gutxiren esku dago. 

Horietako bat da, hain zuzen, Jon Mujika, eta bere ezagutza herritarrekin partekatuko du ostegun honetan, irailak 11, Salatxo aretoan. “Arrantzaleon bizimoduaren nondik norakoak kontatuko ditut: noiz ateratzen garen itsasora, zer arrantzatzen dugun, zein teknika erabiltzen ditugun… Gazteek, eta ez hain gazteek, ez dute bizimodu hau ezagutzen, eta Orio bezalako herri batean, interesgarria iruditzen zaigu honen berri herritarrei ematea”, azaldu du. Hitzaldia 18:00etan hasiko da, eta ez da aurrez izena eman behar.

Datozen hitzorduak

Orioko Udalak hiru eragileren laguntza izan du Arrantza eta gastronomia hitzaldi-zikloa antolatzeko: Orioko Itsas Kofradia, Carmen arraindegia eta Aldapa Elkartea. Lehen saioan, aurreratu bezala, Orioko Kofradiako Jon Mujika izango da hizlaria, eta bigarren eta hirugarrenean Olga Mujika Carmen arraindegiko arduraduna eta Ekaitz Apraiz Itsas-Etxea-ko kudeatzailea ariko dira, hurrenez hurren.

Olga Mujikak arraina erosterakoan kontuan izan beharreko alderdiak azalduko ditu irailaren 18an Salatxo aretoan emango duen hitzaldian, eta Ekaitz Apraizek arraina prestatzeko teknika berritzaileak azalduko ditu hilaren 25ean, Aldapa Elkartean. Biak ala biak 18:00etan izango dira.

Aldiz, azken hitzorduan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, turismo-bulegoan.