Urriaren 3tik 5era ospatuko da Parrilla Festa, aurten, lehen aldiz. Ostiraleko pintxo-pote gastronomikoan parte hartzeko sarrerak irailaren 9an jarri ziren salgai, eta izandako arrakasta ikusita, bigarren pintxo-potea antolatuko du Udalak urriaren 4an, 20:00etan.
Sasoiko arrainak erreko dituzte herriko parrilleroek, eta talde txikitan banatuta, erabiltzaileek zuzenean ikusi eta ikasiko dute nola prestatzen diren. Zentzumenekin jokatzeko ariketa da: arrainaren usainaz, zaporeaz, itxuraz, testuraz eta txinparten hotsaz gozatzeko aukera paregabea izango dute herritarrek.
Txartelak turismo-bulegoan hartu daitezke gaur arratsaldetik aurrera, 10 euroan. Erabiltzaile bakoitzak hiru arrain pintxo, gilda bat eta txakolina dastatzeko aukera izango du. Herritar bakoitzak, gehienez, 6 txartel eskuratu ahal izango ditu.
Larunbateko bazkaritarako txartelak, oraindik eskuragai
Parrilla Festaren helburua da herriko itsas ondarearen transmisioan eragitea eta herrian errotutako ohiturekin jarraitzea. Horretarako antolatu dira, besteak beste, esperientzia gastronomikoa eta larunbateko bazkaria.
Larunbatekoa, hain zuzen, otordu berezia izango da. Parte-hartzaileek herriko arraindegi batean arraina enkargatu besterik ez dute egin behar, gero herriko parrilleroen laguntzarekin Herriko Plazan erretzeko. 20 euroko prezioan, lau hasierako plater, sagardoa eta ura, eta postrea izango dute. Sarrerak turismo-bulegoan daude salgai.
