Pello eta Nikolasaren kamisetak salgai egongo dira urtarrilaren 2tik aurrera

San Nikolas festetan Orioko Erraldoiak konpartsa omendu zen, eta abenduaren 5ean konpartsako kideek bota zuten festen hasierako etxafuegoa. Taldeak urtetan egin duen lan ederrari esker, Pello eta Nikolasak oriotarren maitasuna irabazi dute, eta festetan ondo merezitako igurtzia eman zien herriak.

Horrez gain, sanikolasetan logotipo eta ekipamendu berriak estreinatu zituzten konpartsako kideek, eta dotore jantzita ibili ziren kaleak alaitzen.

Orain, erraldoiek haurren artean duten arrakasta ikusita, Pello eta Nikolasaren kamisetak jarriko dira salgai umeentzat. Orioko Erraldoiak konpartsaren eta Orioko Udalaren elkarlanetik sortu da iniziatiba, eta kamisetak urtarrilaren 2tik aurrera egongo dira salgai Turismo Bulegoan, 9 euroren truke.

Kamisetek aurrean duten marrazkia da Orioko Erraldoiak konpartsaren logotipo berria, eta hori ere Orion sortua da, Popatik estudio kreatiboak egin baitu.

Neurriak eta prezioak

Kamiseta guztiak zuriak dira, eta sei neurritan egin dira: 1-2 urte, 3-4 urte, 5-6 urte, 7-8 urte, 9-10 urte eta 11-12 urte. Udalak lehen tirada egin du, eta neurri bakoitzeko 60 kamiseta jarri dira salgai, Turismo Bulegoan.