29 postu izango dira asteburuan urteroko Artisau eta Sortzaile Azokan

Maiatzaren 5ean, igandearekin, izango da Artisau eta Sortzaile Azoka herrian. 10:00etatik 14:00etara, Herriko Plazan eta Aritzaga kalean jarriko dira postuak, 29 guztira, iaz baino dozena erdi gehiago. Hain zuzen, izena eman duten eta baldintzak betetzen dituzten sortzaileen artean zozketa egin behar izan du Udalak aurten.

Gipuzkoarrak izango dira 18 artisau, bizkaitarrak 2, nafarrak 3 eta arabarra 1. Jantziak eta osagarriak eta bitxigintza lantzen dituzte gehienek, baina egur-tailla, taloak, ogia eta gozoak, gazta eta eztia, loregintza, eta xaboi eta ukenduak ere izango dira salgai.

Iaz azokan izan ziren herriko artisau gehienek ere errepikatuko dute: Koro Arratibel Etxegarai Quilling figuratxoekin, jantziak eta osagarriak lantzen dituzten Rosaura Bravo Manterola eta Jon Alkain Urdangarin, Zorione Mendez Martin askotariko artista eta egur-taillan aritzen den Antxon Mendizabal Sanz.

Trafiko-aldaketak

Trafiko-aldaketak ere izango dira igandean: 14:00ak eta 15:00ak artean ibilgailuek Txankatik irten beharko dute Oriotik, irteerako noranzkoan itxita egongo delako plaza artisauen karga eta deskarga errazteko. Barkatu eragozpenak.

Pello eta Nikolasa eta Lazkaoko Mari eta Basajaun erraldoiak

Artisau eta Sortzaile Azoka izango dela aprobetxatuta, Pello eta Nikolasak gonbidatuak izango dituzte herriko kaleetan barrena. Lazkaoko erraldoiak izango dira Orion: Mari eta Basajaun. 12:00etan abiatuko dira kultur etxetik, eta Eusko Gudari, Arrantzale, Abeslari, Herriko Plaza eta Aritzaga zeharkatuko dituzte. Buruhandiak ere izango dira.