Urtero egiten den moduan, Sahararen aldeko euskal karabana abian jarri da, Piztu itxaropena lelopean, milaka errefuxiaturi laguntza emateko. Horri lotuta, janari-bilketa egiten ari dira Orion aste osoan: ikastetxeetan lehenik, eta ostiral eta larunbatean, Orioko Eroski supermerkatuan.
Bilketa urtarrilaren 30ean eta 31n egingo da, egun osoan. Egunerokoan oso beharrezkoak diren produktuak bilduko dituzte: arroza, dilistak, babarrunak, pasta, hegaluze-latak, sardinak, azukrea, medikamentuak eta konpresak.
Karabana hau oso garrantzitsua da baldintza eskasetan bizi diren errefuxiatuentzat, eta laguntza emateko modu bat da ostiral eta larunbateko bilketan parte hartzea. Jasotako guztia Tindufeko kanpamentuetara bidaliko da eta errefuxiatuen artean banatuko da.
