Salgai daude ‘Oihana’ antzezlanerako sarrerak

 

ATX Teatroa konpainiak dantza eta antzerkia uztartzen dituen helduentzako ikuskizuna aurkeztuko du Orion: Oihana. Urriaren 22an izango da, 19:30ean, kultur etxean. Sarrerak eskuragai daude 10 euroan, online zein kultur etxean bertan.

Etorkizun hurbil batean kokatutako lana da. Oihana da protagonista, Lur amarekin eta Argia amonarekin bizi den gaztea. Mende luzez, jakintzak eta ohiturak dantzaren bidez transmititu dituzte familiako emakumeen artean, baina katea moztu egin da, eta Oihana ez da gai hizkuntza hau eta dantzaren sekretuak ulertzeko. Baina gau batez, ametsetan bidaiatu dezakeela ikusten du gazteak, eta une horretatik aurrera, iragana deskubritzera abiatzen da, hizkuntza misteriotsu hori hitz egiten duten emakumeak ezagutzera: sorginak.

Horixe du abiapuntu Maryse Urruti baxenabartarrak zuzendutako obrak. Barbara Rivas, Arantxa Hirigoyen eta Joana Olasagasti dira aktore eta dantzariak.