Salgai daude Popatik taldearen entzunaldi musiko-poetikorako sarrerak

 

Ekaitz Goikoetxeak, Aingeru Mayorrek eta Xabier Crehuetek urte hasieran aurkeztu zuten poesia eta musika uztartzen dituen Popatik proiektu berria. Irailaren 30ean, ostiralarekin, etorriko dira Oriora, eta emanaldirako sarrerak eskuragai daude online zein kultur etxean, 2 euroan. 

Aingeru Mayorrek idatzitako gazte transexualen bizipenak jasotzen dituen Tránsitos liburua oinarri hartuta, gai horren inguruko abesti bat sortzeko elkartu zen hirukoa. Iazko maiatzean, LGTBIfobiaren aurkako egunean, liburuarekin batera aurkeztu zuten abestia jendaurrean, eta jasotako babesarekin indartuta, ekimenarekin aurrera egitea erabaki zuten.

Hala, udaberrian kaleratu zuten Maitatzeari lehen lana, “maitatzearen arteari” eskainitako hamar kantaz osatutako diskoa, eta bertako doinuak entzunaraziko dituzte Orion ere.

Sarrerak eskuragai

Emanaldia irailaren 30ean izango da, ostiralarekin, 22:00etan kultur etxean. Sarrerak salgai daude dagoeneko 2 euroan, eta online zein kultur etxean erosi daitezke.