San Martin ermitarako bidea itxita egongo da zortzi astez

Maiatzean hasi zituen Udalak San Martin ermitarako bidea egokitzeko obrak. 2023an kanalizazio-lanak egin ziren Lizargatetik Aldape-Arteta baserrira bitarteko zatian, eta irailean errepidea asfaltatu zuten. Datorren astelehenean, urtarrilak 15, bigarren eta hirugarren faseak aktibatuko dira, Aldape eta Oreka arteko zatia egokitzeko, eta errepidea itxita egongo da zortzi astez.

Fase hauetako lanek 16 aste iraungo dute, eta horietatik zortzitan erabat itxita egongo da errepidea, bertakoentzat izan ezik. Dena dela, inguruko bizilagunei ere sarrera- irteerak errepidearen beheko partetik egiteko gomendatzen die Udalak, lanak ez gehiago luzatzeko.

Zortzi asteko epe hori urtarrilaren 15ean, astelehenarekin, hasiko da, eta aurreikuspenak betetzen badira, martxoaren erdialdean zabalduko da bidea.

Lanak Sasoi SL enpresak egingo ditu eta 354.000€-ko kostua izango dute, BEZ barne.

Lanen helburua

San Martin ermitarako bidean egindako lanen bidez, inguru horretako azpiegiturak berritu eta osatu ditu Udalak, eta airetik zihoazen kableak (telefoniakoak eta argindarrarenak) lur azpitik eraman dira, ingurua hobetuz.