Gabonetako oporrak bukatuta, Saregile Orioko Emakumeon* Etxeak datozen hilabeteetako programaren berri eman du. Ohi bezala, zerbitzu finkoak mantenduko dituzte eta, horrez gain, Ahalduntze Eskolak eta hainbat Elkargune eskainiko dituzte astelehenetik larunbatera. Izen-ematea zabalik dago Saregileren webgunearen bidez, Saregilen bertan ala emailez (saregile@gmail.com).
Lau dira Saregilek modu egonkorrean ematen dituen zerbitzu finkoak: aholkularitza juridikoa, bidelaguntza psikologikoa, sexu- eta bikote-aholkularitza, eta Indarkeria matxistaren arreta eta kasuen bideraketa. Horrez gain, lau Ahalduntze Eskola eta beste lau Elkargune egingo dituzte datozen hilabeteetan.
Hauek dira eskainitako Ahalduntze Eskolak:
- Xilografia linoleo gainean, Oihana Ugarte Iriarteren eskutik.
Urtarrilaren 21etik otsailaren 25era, astearteetan, 18:00-20:00 artean. Saioak euskaraz izango dira eta prezioa 25 euro da.
- Ahalduntzea eta Autoestimua, Pepa Bojo Ballesterren eskutik.
Urtarrilaren 27tik martxoaren 10era, astelehenetan, 17:30 – 19:30 artean. Saioak gaztelaniaz izango dira, eta prezioa: 15 euro.
- Biodantza, Eider Zubiarrain Bergararen eskutik.
Otsailaren 5etik martxoaren 26ra, asteazkenetan 16:00 – 17:30 artean. Ele bietan izango dira saioak, eta prezioa 20 euro da.
- Haurdunentzako mugimendu-saioak, Jesica Morales Fracerekin.
Otsailaren 7tik ekainaren 13ra, ostiralero, 10:00 – 11:30 artean. Saioak gaztelaniaz izango dira, 20 euroan.
Eta jarraian, lau Elkarguneak:
- Neska gazteak feminismorantz, Saregileren eskutik.
Ekainera arte, hilean behin saio bat egingo da, euskaraz.
- Munduko Emakumeen Topagunea, Aleksandra Zak-en eskutik.
Urtarrilaren 28an hasiko da, eta hilabeteko hirugarren larunbatetan egingo dira saioak, gaztelaniaz.
- Irakurle taldea, Nerea Loiola Pikazak gidatuta.
Urtarrilaren 29tik martxoaren 26ra, hileko azken asteazkenetan, 18:30 – 20:00 artean. Saioak euskaraz izango dira.
- Amatasunak partekatzeko espazioa.
Talde autogestionatua da, eta deialdi irekia egiten dute. Parte hartzeko, jarri harremanetan Saregilerekin.
Egitarauaren inguruko informazio gehiago jasotzeko edo Saregilerekin harremanetan jartzeko, jo haien webgunera.