Saregilek lehen ikasturtearen balorazioa egin du

2023ko irailean ireki zituen ateak Saregile Orioko Emakumeon* Etxeak, eta gaur, uztailaren 12an, hartuko dituzte oporrak irailera arte. Lehen ikasturtearen balorazioa egin dute arduradunek eta, besteak beste, urtean zehar bideratutako indarkeria matxista kasuetan jarri dute fokua, 13 kasu artatu baitituzte azken 9 hilabeteetan.

Ahalduntze-eskola eta aholkularitza-zerbitzu egonkorrak eskaini ditu Saregilek ikasturte osoan eta, horrez gain, 11 jarduera antolatu ditu, emakumeei bakarrik ala emakume eta gizonei zuzendutakoak. Hauek dira zerbitzu bakoitzaren datuak:

  • Ahalduntze-eskolak: 116 izen-emate ikasturte osoan
  • Aholkularitza juridikoa: 33 hitzordu
  • Aholkularitza psikologikoa: 50 hitzordu
  • Sexu eta bikote-aholkularitza: 10 hitzordu (urtarriletik aurrera)

Horrez gain, jatorri ezberdineko emakumeentzako topagunea eta amatasunak partekatzeko espazioa sortu dituzte. Lehen taldean 7-8 emakume inguru elkartzen dira Saregilen hiru astean behin; amatasunari lotutako taldea, aldiz, autogestionatua da, eta 6-7 emakume biltzen dira; kasu honetan, astean behin.

Indarkeria matxista kasuak

Ikasturtean zehar mota ezberdinetako 13 indarkeria matxista kasu artatu dituzte Saregilen. Kasu bakoitzean, biktimen nahien eta beharren araberako erantzuna eman da, protokoloari jarraituz. Oro har, Saregilen eskainitako zerbitzu juridikoa eta psikologikoa eman zaie biktimei eta, egoerak hala eskatzen zuenean, Gizarte Zerbitzuetara bideratu dira, handik Gipuzkoako Foru Aldundiko zerbitzu jakinen bat martxan jartzeko.

Eragin kolektiboa izan duen kasu bat ere artatu dute Udalak eta Saregilek Orioko kirol elkarte batean. Kasu honetan, prozesu kolektiboa eskatzen zuenez, kanpo-aholkularitza baten bitartez egin da esku-hartzea.

Indarkeria matxista kasuen arretan garrantzitsua da erasoa jasan duenaren nahiak eta beharrak babestea; horregatik, kasu batzuk publiko egiten dira eta beste batzuk ez. Halakoetan, Orioko Mugimendu Feminista aktibatu da erantzuna emateko. Azken hiruhilekoan, hain zuzen, hiru erasoren salaketa idatziak egin dira; Saregilek eta Orioko Udalak eraso horiek irmoki gaitzesten dituzte. Indarkeria matxistaren kontrako borroka lehentasunezko gaia da Udalean eta, horren aurrean, gizarte osoaren inplikazioa lortzeko lanean jarraituko du.

Erabiltzaileen balorazioa

Erabiltzaileen iritziak jaso ditu Saregilek galdetegien bidez. Ikastaroetan parte hartu duten herritarrei zein Emakume Mahaiko kideei eskatu zaie iritzia, eta bi kasuetan, positiboki baloratu dute Saregileren eskaintza eta espazioa. «Emakumeon* etxeak harrera oso ona izan du herrian, espero genuena baino azkarrago hartu du martxa eta komunitate polita sortu da etxearen inguruan» azaldu dute Aizpea Esnaola eta Miriam Garcia arduradunek.