‘Teilatupean’ haurrentzako ikuskizuna egingo dute bihar, kultur etxean

Gabonetako oporradiari indartsu ekingo dio herrian Harribil dantza-taldeak gaur, abenduaren 20an, antolatu duen Herribil 17 emanaldiarekin. Eta segidan, bihar arratsaldean, Teilatupean haurrentzako ikuskizuna egingo dute kultur etxean, 17:00etan hasita. Sarrera doakoa da, eta ez da aurrez gonbidapenik hartu behar.

Ikuskizunak Lur eta Dororen istorioa kontatzen du. Lurrek haserre ihes egin du gurasoenetik, bere etxea eraikitzeko asmoz, han nahi duen guztia egin ahal izateko. Auzoko orube batean Doro topatu du, munduko bazter guztiak ezagutzen dituen baina inon bizi ez den artista ibiltaria. Lau makil, kutxa parea eta maindire soil batekin beren ametsetako etxea eraiki dute —eta, etxearekin batera, adiskidetasuna—, oinarri sendoak izan arren, tarteka itute batzuk dituena, laguntasun guztien moduan.

Etxearen bueltan hainbat gai jorratzen ditu antzezlanak: adiskidetasuna, zaintza, etxebizitzaren arazoa, migrazioa, marjinazioa, duintasuna, bizitza-ereduen aniztasuna… Fantasiazko munduak helduen errealitatearekin parez pare topo egiten du eta haurren ahotsa eta zilegitasuna agerian geratzen dira.