Aurten ere txu-txu trena jarriko du Udalak uda garaian, herrigunea eta hondartza lotzeko. Ekainaren 24tik irailaren 8ra arte izango da martxan, egunero-egunero, ordutegi honetan: 11:30-14:00 eta 16:00-20:00. Txartelen salmenta errazteko, uda osoko bonuak eskainiko ditu Udalak aurten.
Ikusita Udalarena zen trena oso zaharkituta zegoela eta sarritan matxuratzen zela, zerbitzua azpikontratatzea erabaki zuen iaz Udalak, eta tren berri bat ekarri zen herrira. Gainera, herritarrengandik jasotako eskaerari erantzunez, trenaren ibilbidea luzatu zuen, hondartzatik urrunen dagoen auzora iristeko: Anibarko Portura.
Aurten, aldiz, iazko gorabeherak eta herritarren iritzia kontuan hartuta (baita Anibarko Portuko bizilagunena ere), trenaren irisgarritasuna eta segurtasuna lehenestea erabaki du Udalak. Ondorioz, beste tren bat ekarriko da, modernoagoa, gurpildun aulkiak igotzeko aukera ere emango duena.
Altuagoa denez, ez da N-634 errepidearen zubi azpitik pasatzen, eta ibilbidea egokitu egin da. Honenbestez, 3 geltoki izango ditu ibilbideak: Arrantzale/Abeslaritik abiatuko da, Bikamiotan geldialdia egingo du, eta hondartzaraino joango da, ordu erdiro.
Aurtengo uda pasatutakoan, herritarren iritzia jasoko du berriz Udalak, zerbitzuaren balorazioa egiteko.
Txartelen salmenta
Txartelen salmenta errazteko, uda osorako bonua salduko du aurten Udalak. Bonuak maiatzaren 28tik aurrera jarriko dira salgai turismo-bulegoan, 10 euroan. Ekainaren 24tik aurrera erosten dutenek, ordea, 20 euro ordaindu beharko dute. Bonuarekin nahi adina joan-etorri egin ahal izango dira udako denboraldi osoan.
Bonua eskatzeko, eskaera-orri bat bete behar da turismo-bulegoan, eta karnet tamainako argazki bat entregatu.
Bonuaz aparte, joan-etorriko txartelak ere salduko dira turismo-bulegoan, 1,50 euroan. Joan-etorriko txartelak gidariak berak ere izango ditu salgai, baina kreditu-txartelarekin bakarrik erosi ahal izango dira trenean.
Azken urteotan erabili izan diren hamar joan-etorritako bonuak, berriz, kendu egingo ditu Udalak.