Ekainaren 24an jarri zen martxan txu-txu trenaren udako zerbitzua, eta igande honetan, irailak 8, izango du azken eguna. Aurten, trenaren ezaugarriengatik, ezin zuen N-634 errepidearen azpitik igaro, eta hortaz, herritik abiatu eta hondartzara arteko ibilbidea egin du, Anibarko Portutik pasatu gabe.
Aurtengo berrikuntza izan da denboraldi osoko bonuak jarri zirela salgai. Denboraldi osoko 341 bono saldu dira turismo-bulegoan, eta gainerakoak joan-etorriko txartelak izan dira (4.000 baino gehiago).
Bigarren urtez jarraian, Udalak azpikontratatu du zerbitzua, eta horrek hainbat aldaketa ekarri ditu. Beste behin ere, eskerrak eman nahi dizkie Udalak erabiltzaileei, aldaketek eragindako gorabeheren aurrean erakutsitako jarreragatik.
Udan zehar zenbait eskaera jaso ditu Udalak, eta datorren astetik aurrera, erabilera-datuak itxitakoan eta zerbitzua eskaini duen enpresarekin balorazioa egin ondoren, ekarpenak egiteko epea zabalduko die herritarrei.