Udaberrian eta udan 9.324 bisitari izan dira Orioko kanpinean, iaz baino % 55 gehiago

Jone Olaskoaga zuzendariak denboraldiaren balantze oso positiboa egin du eta sektorearen indarra azpimarratu du.

Orioko udal-kanpineko arduradunen helburuetako bat iazko datuak hobetzea zen udaberri-uda denboraldian, eta hala izan da. Jone Olaskoaga zuzendariaren esanetan, «aurreikuspenak aise gainditu ditugu».

Okupazioak eta fakturazioak, oro har, nabarmen egin dute gora aurreko urtearekin alderatuta, eta bisitari kopurua ere % 55 igo da. Hau da, 9.324 pertsonek erabili dituzte instalazioak martxoa eta iraila bitartean eta iaz, berriz, 5.998 izan ziren. Erabilera desberdina izan da bi ostatu-motetan, eta partzeletan ia 6.500 bisitari izan dira, eta bungalowetan gainerakoak.

Gaua eman duten pertsonei dagokienez, aurreko ekitaldian baino 10.500 gehiago izan dira: 39.342 pertsona, guztira.

Izan ere, datu negatibo bakarra egonaldiko batez bestekoa izan da, aurreko urtearekin alderatuta zertxobait murriztu baita (hala ere, batez bestekoa 4 eta 5 gauen inguruan mantendu da). Horretan eguraldiak ez du eraginik izan, baina bai pandemiak eragindako azken orduko ezeztapenak. «Udako eguraldi kaxkarrak ez ditu gure bezeroak beldurtu, egia esan, eta bezeroek erreserbak mantendu egin dituzte eta egonaldiak ez dituzte horren ondorioz laburtu. Azken orduko ezeztapenak izan ditugu, Covid-19arekin lotutakoak eta abar. Baina, Covid-19arekin positiboki lotuak ere bai. Hau da, denboraldi hasieran egindako erreserbak eta, egoera hobetzen joan dela ikusita, oporrak urrunagoko tokiren batean pasatzea erabaki dutenen ezeztapenak asko izan dira argi eta garbi. Hirugarren ezeztapen multzoa atzerritarrena izan da. Denboraldiaren zati handi batean Alemania, Belgika, Herbehereak, Britainia Handia… Estatura ez etortzeko murrizketak edo gomendioak zituzten eta haien erreserbak ere bertan behera geratu ziren erabat, udaberri bukaera eta uda hasieran bereziki», azaldu du Olaskoagak.

Erabiltzaileen jatorriari dagokionez, % 80 baino gehiago Hego Euskal Herrikoak izan dira, eta gainontzekoak Estatukoak, Aragoikoak, Kataluniakoak eta Madrilgoak, bereziki. Atzerritarrak ez dira % 3tik gora izan, baina Olaskoagaren arabera, irailean gora egiten ari dira. «Udaberrian eta udazkenean atzerritarrak izaten ditugu gurean. Gehienek hegoaldera bidean egun batzuk egiten dituzte bidea xamurtzeko asmoarekin. Azaltzen digutenaren arabera, Portugal hegoaldean edota Andaluzia aldean egiten dute negua eta udaberrian, itzulerako bidean, berriz ere geldialdia egiten dute Orion. Eguraldia lagun badute, egonaldiak luzatzen dituzte askotan, eperik gabe bidaiatzeko zortea baitute. Horiek guztiak aurtengo udaberrian ez ditugu izan. Esan bezala, oraintxe hasi gara hauek berriro jasotzen», azpimarratu du.

Azken batean, kanpineko zuzendariaren balantzea, oro har, ezin da positiboagoa izan. Bai aipatutako hilabeteei dagokienez, bai sektorearen funtzionamenduari dagokionez. Olaskoagaren arabera, azken hamarkadan gorakada handia izan duen sektorea da. Besteak beste, autokarabanen erabiltzaileen kopurua nabarmen handitu da eta horrek mugimendu handia eragin du kanpinetan. Zuzendariaren esanetan, gainera, «Pandemiak argi azaleratu du gizakion aske izateko eta aire librean bizitzeko nahia edo beharra eta itxialdia eta gero, sumatu zen hori kanpinetan eta naturaguneetan bereziki. Horren onuradun izan gara kanpinok zalantzarik gabe, hori baita eskaintzen duguna: natura, lasaitasuna eta aire librea».

Orain hurrengo asteen funtzionamendua prestatu behar da. Azaroaren 15ean bukatuko da aurtengo denboraldia eta, ordura arte, okupazioa eguraldiaren araberakoa izango da ziurrenik. «Astean zehar lasaiago eta, asteburua ona badator, lanpetuago ibiliko gara. Urriko zubirako erreserbak jasotzen ari gara egunotan eta azaroan izaten den Behobia-Donostia lasterketarako ere hasi da mugimendua», esan du Jonek.

 Kanpinaren «argazki» horren eragina, gainera, nabarmena izan da tabernaren funtzionamendu onean. Izan ere, kanpineko bisitarien igoerak bezero gehiago ekarri dizkio aurten tabernari eta herriko eta inguruko erabiltzaileen kopurua ere handiagoa izan da.

KanpinaII21