Udako kirol-eskaintza aurkeztu du Orioko Udalak

Anuska Esnal Orioko alkateak, Jose Angel Iparragirre kirol-zinegotziak eta Luis Mari Garitano BPXport enpresaren ordezkariak agerraldia egin dute gaur, maiatzak 23, Arraunetxen. Orioko Udalaren aterkipean, kiroldegiko kudeatzaileek eta herriko lau kirol-eragilek udako denboraldirako prestatu duten eskaintzaren inguruko azalpenak eman dituzte bertan.

Esnalek azaldu duenez, «Udako kanpainaren helburu nagusiak hauek dira: ikasturtean zehar gaztetxoek egindako kirol-jarduerari jarraipena ematea, neguko hilabeteetan egiten zailagoak diren modalitateei tartea eskaintzea, eta naturarekin harreman zuzena duten praktika berriak ezagutzeko aukera ematea. Eta, horregatik, balioan jarri nahi dugu herriko kirol-eragile guztiek egiten duten lana. Ezin izan dira prentsaurrekora etorri, baina haiek dira protagonista nagusiak, kirol-eskaintza anitza bermatzen dutelako».

Iparragirreren hitzetan, aurtengo aldaketa nagusia jardueren antolaketari eta kudeaketari lotutakoa da, aurrerantzean eragile bakoitza arduratuko baita eskaintzen duen modalitatea aurrera eramateaz, izen-ematetik hasita. «Eragileengandik jasotako proposamena da, eta koordinazio-lanak erraztuko ditu. Izen-ematea bera ere arinagoa izango da, jendeak ilarak egiten baitzituen seme-alabak inskribatzeko». Udako kirol-eskaintza Gipuzkoako Foru Aldundiak bideratutako Eskola Kirola programaren luzapena dela gogoratu du Iparragirrek, gaztetxoek egiten duten jarduera fisikoa uda garaian ez eteteko.

5 entitate, 11 jarduera

Bost dira uztailetik abuztura jarduerak antolatzeaz arduratuko diren eragileak: kiroldegiko kudeaketa daraman BPXport, Orio Bate Bizkorrak, Orioko Futbol Elkartea, Orio Arraun Elkartea eta Orio Itsastresna Surf Kluba. Eta, guztira, 11 kirol-modalitate probatu ahal izango dira, horietako 7, kiroldegian: Aerobika, Ciclo indoor, Total Training, Pilates, Igeriketa, Padela eta Uda sasoian edo kirol anitza. Horrez gain, softbola-beisbola, futbola, arrauna eta surfa ere egin ahal izango dituzte haur eta gaztetxoek. Gutxieneko adinari dagokionez, 3 urtetik aurrerako haurrek eman dezakete izena igeriketan, eta 6 urtetik aurrerakoek, futbolean; 9 urte beharko dira softbolean eta arraunean hasteko, eta 10 urte, surfeko ikastaroa egiteko. Adinaren araberako taldeak sortuko dira modalitate bakoitzean.

Ikastaro guztiek hamabost eguneko iraupena izango dute, astelehenetik ostiralera, eta prezioa jardueraren araberakoa izango da. Saioen ohiko formatua 45 minutu/ordubetekoa den arren, bada, familien kontziliazioan laguntzeko asmoz, hiru orduko iraupena duen jarduera bat ere: BPXport-ek kudeatutako Uda sasioan edo kirol anitza.

Izen-ematea, martxan

Izen-ematea joan zen astelehenean, maiatzak 16, zabaldu zuten, maiatzaren 31ra arte. «Aurten, formulario bidez egin beharko da izen-ematea. Datuak bete, jarduera aukeratu, eta modalitate bakoitza kudeatzen duen entitateari bidali beharko zaio formularioa. Kiroldegiko ekintzen kasuan, harreran utzi daiteke. Gainerakoetan, aldiz, emailez bidali beharko zaie antolatzaileei. Eta, plaza konfirmatzeko, ezinbestekoa izango da dagokion diru-sarrera egin eta ziurtagiria aurkeztea» azaldu du Iparragirrek.

Garitanok, bere aldetik, kiroldegiko jardueren izen-ematea erritmo onean doala azpimarratu du: «Iazko eskaintzak izandako harrera onaren ondoren, aurten ere errepikatzea erabaki dugu. Aurre izen-emate moduko bat aktibatu genuen lehenik, eta herritar asko etorri ziren galdezka; izen-ematea martxan jarri denetik, haur eta gaztetxoei zuzendutako jardueretan 100 lagun inguruk eman dute izena dagoeneko, eta gure mugatik hurbil gaude». Uda sasoian izeneko jarduerak, hain zuzen, haurren aisialdi aktiboa sustatzeko asmoa du, eta 80 gaztetxo baino gehiago hartuko dituzte.

Udako kirol-eskaintza eta izen-emate formularioa, hemen.