Orioko Udalak 2019an onartu zuen 2020-2030 Energia Plana, udal instalazioen energia-kontsumoa murrizteko eta autokontsumoa handitzeko helburarekin. Ezarritako epearen erdia igarota, datuen azterketa egin zen iaz, eta energia kontsumoa %27 murriztea lortu dela ondorioztatu zen. 2018an baina kontsumo puntu gehiago daudela kontuan hartuta, balorazio positiboa egin du Udalak.
Abiapuntua, 2018an
2019ko otsailaren 21ean indarrean sartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari lotutako 4/2019 Legea, eta bi epemuga ezarri zizkien udalei:
- 2025: %30eko jaitsiera
- 2030: %40ko jaitsiera.
Garai hartan, hauek ziren Orioko Udalaren eraikin eta bestelako instalazioetan egiten zen energia kontsumoa:
- Argindarra: 1.709.254 kWh
- Energia termikoa (berokuntza/ur beroa…): 1.422.533 kWh
- Guztira: 3.131.787 kWh
Eta helburuak lortzeko asmoz, 2020-2030 Energia Plana garatu zuen Udalak.
Hartutako neurriak
Helburuak lortzeko bidean, hainbat neurri hartu ditu Udalak azken bost urteetan (Guk Oriori atariko Ingurumenaren defentsan atalean kontsultatu daiteke neurri-zerrenda osoa, Udal-eraikin eta zerbitzuak aztertu eta optimizatzea azpiatalean):
- 8 instalazio fotovoltaiko ezarri ditu. Horietako batzuk udal instalazioetan daude (kiroldegian, Orio Kanpinean eta haurreskolan), eta beste batzuk, emakidan dauden ostalaritza-eraikinetan (hondartzako eta kanpineko tabernak). Energia aurrezteaz gain, energia ekoizteko aukera ere ematen dute.
- Energia gehien kontsumitzen duen eraikin publikoa izanik, neurri ugari hartu dira kiroldegian: bero-berreskuragailu bat eta eguzki-plaka termikoak instalatu dira; LED-argiak ezarri dira; hezetasuna kentzeko makina eta klimatizagailua eta horien kontrol-sistema berritu dira; eta ur beroa ekoizten laguntzeko aerotermia-sistema instalatu da.
- 793 LED-argi jarri ditu herriko faroletan, herriko argindar-koadroen bi heren. Eta Mendibeltz futbol-zelaiko fokoak ere LED-argiengatik ordezkatu dira.
- Zero emisioko hiru ibilgailu elektriko erosi ditu 2025ean, udal flotaren berritze prozesuaren baitan.
Datozen asteetan, gainera, Orioko Udalak sustatuko duen komunitate energetiko berriaren inguruko informazioa zabalduko da.
Egungo datuak
Neurri horien guztien ondoren, 2025erako nabarmen jaitsi zen udal instalazioen energia kontsumoa:
- Argindarra: 1.184.857 kWh (%30eko jaitsiera)
- Energia termikoa (berokuntza/ur beroa…): 1.102.944 kWh (%22,5eko jaitsiera)
- Guztira: 2.287.801 kWh (%27ko jaitsiera)
Kontsumo handiena duten guneetan egindako lanek eragin zuzena izan dute, gainera:
- Karela kiroldegia: kontsumo termikoa %65 jaitsi da.
- Kale-argiteria: kontsumo elektrikoa %60 murriztu da.
Udala kontziente da kontsumoa asko murriztea lortu badu ere, ezarritako helburuak ez dituela oraindik bete. Baina horren atzean, hiru arrazoi nagusi daude:
- 2018ko datuetan jasotzen ez ziren lokal eta espazio berrien energia kontsumoa (Udaltzaingoaren lokal berria, Kaia kaleko lokala…)
- 120 argi puntu berri jarri dira, puntu ilunak argitzeko.
- Kiroldegiaren ordutegia zabaldu egin da, eta eguerditan zabalik dago.
Hurrengo erronka: %40ko jaitsiera
Izandako bilakaera positiboarekin jarraitzeko eta legeak ezarritako %40ko jaitsierara iristeko 2030ean, Udalak neurriak hartzen jarraituko du datozen urteetan. Besteak beste, hainbat instalazio berri martxan jartzea aurreikusi da 2026an (Zaraguetan, udal kanpinean eta haurreskolan, besteak beste), autokontsumoa handitzeko eta argindar-kontsumoa gehiago jaisteko.
