Udalak Lera eta Ostargi elkarteei utzitako lokal berria ezagutzeko aukera izango da ostiralean

Orioko Udalak hitzarmenak sinatzen ditu urtero herriko elkarteekin, haien jardunean laguntzeko. Elkarlan horren baitan, Udalaren helburuetako bat da herriko elkarteei ahalik eta ekipamendu aproposenak eskaintzea, haien jarduerak modu egokienean garatzeko.

Horri lotuta, Udalak Kaia Kaleko 5. zenbakian dagoen lokal berria egokitu du Ostargi eta Lera elkarteek erabiltzeko. Bi elkarteek lanerako baldintza hobeak dituzte orain, moila inguruan dagoen lokalean.

Bi elkarteen jarduerak

Ostargi aisialdi-elkartearen kasuan, paper garrantzitsua jokatzen du herrian eskulangintza eta emakumeen ahalduntzea indartzeko. Jarduera eta ikastaroak antolatzen ditu adin guztietako herritarrentzat, eta parte-hartzaileen arteko harremanak indartzen eta isolamendua saihesten laguntzen du horrela. Ostargiren tailerretan herriko emakumeak izaten dira nagusi, eta ingurumenarekiko defentsa eta sentsibilizazioa ere lantzen dute, materialen berrerabilgarritasuna sustatuz.

Lera taldeak, berriz, abenduaren 24ko Mari Domingi eta Olentzeroren etorrera antolatzen du urtero. Herriko usadioak eta euskal mitologia oinarri hartuta, goitik behera berrasmatu dute etorrera-ekitaldia eta, urtero-urtero, mimo handiz prestatzen dute haur, gaztetxo zein gurasoen gozamenerako ikuskizuna.

Herria josten

Uneotan, bi elkarte horien eguneroko jardunera bideratu du lokala Udalak. Espazioak bi eremu nagusi ditu: alde batetik, joskintzarako aretoa, kalera begira; eta, bestetik, Gabonetako materiala biltzeko eta Lerakoen bilerak egiteko espazioa.

Lokalaren azalera kontuan izanik, bi elkarteek aukera dute aldi berean lanean aritzeko, eta hori ere bilatu nahi du Udalak, elkarteen artean sinergiak sortzea eta elkarlana sustatzea.

Inaugurazioa eta ate irekiak ostiral honetan

Lokal berria urriaren hasieratik dago erabilgarri, eta bi elkarteak bertan kokatuta daude dagoeneko. Espazioa herritarrei erakusteko asmoz, ate irekien saioa egingo dute azaroaren 8an, ostiralarekin. 16:30etik 20:00ak bitartean. Inguratzen direnek aukera izango dute bi elkarteen jarduna gertutik ezagutzeko eta ekipamendu berria ikusteko. Kafea eta mokadutxoren bat ere eskainiko zaie bertaratzen direnei.