Udalaren oharra, txu-txu trenaren zerbitzuaren inguruan

 

Uztailaren 3an jarri zen martxan txu-txu trenaren udako zerbitzua, eta irailaren 10era arte luzatuko da. Ikusita Udalarena zen trena oso zaharkituta zegoela eta sarritan matxuratzen zela, zerbitzua azpikontratatzea erabaki du aurten Udalak, eta horrek hainbat aldaketa ekarri ditu.

Herritarrengandik jasotako eskaeren aurrean, zerbitzua hobetzeko neurriak hartzen ari da Udala. Baina era berean adierazi nahi du, aurtengoa probako urtea dela (horregatik lizitatu da zerbitzua urtebetez), eta denboraldiaren amaieran, herritarren ekarpenak eta erabilera-datuak jasotzen dituenean, datorren urteko deialdia egokituko duela.

Horregatik, herritarrei adierazi nahi die zerbitzuaren gainean dagoela eta irailetik aurrera iritzia emateko eta proposamenak helarazteko epea zabalduko zaiela. Gainera, bilera bat egingo da Anibarko Portuko bizilagunekin, egiten duten balorazioaren berri izateko.

Honenbestez, orain arte herritarrengandik jasotako eskaeren aurrean, hauek dira Udalaren erantzunak:

Txartelen salmenta

Txu-txuaren zerbitzua (ibilgailua eta gidariak) kanpoko enpresa batek kudeatzen duenez, txartelen salmenta-eredua aldatu egin da: Udalarenak diren turismo-bulegoan eta kanpinean eskuratu behar dira txartelak. Jende askok, aldiz, gidariarengana joaten jarraitzen du, eta horrek atzerapenak eta ilarak sortu ditu azken egunetan.

Horren aurrean, txartelak TAOko makinaren bidez saltzeko aukera aztertzen ari da Udala. Bitartean, herritarrei gogoratzen die txartelak aldez aurretik erosita joan behar dela trenera, ordutegiak bete ahal izateko.

Trenaren ibilbidea

Txu-txu trenaren ibilbidea luzatu egin da aurten, Anibarko Porturaino. Aldaketaren helburua da zerbitzua ahalik eta herritar gehienei eskaintzea, eta bereziki, hondartzatik urrutien daudenei. Aldaketa honek itzuliaren iraupena luzatu du, eta ondorioz, trenen maiztasuna murriztu. 

Zentzu honetan, itzuli guztiak Anibarko Porturaino egin beharrean, buelta motza (ikastolako plazaraino) eta buelta luzea (Anibarko Porturaino) txandakatzeko aukera aztertzen ari da Udala.

Trenaren tamaina

Aurtengo trena pixka bat txikiagoa da, Ibai Ondo kaleko zubi azpitik pasa behar duelako Anibarko Porturaino iristeko, eta horrek eragina izan du ibilgailuaren irisgarritasunean. Izan ere, trena txikiagoa izatean eserlekuen arteko tokiak estuagoak dira.  

Udalak aurtengo esperientzia baloratuko du, eta datorren urtera begira, beharrezko aldaketak egingo ditu trenaren irisgarritasuna bermatzeko.