Udalbatzarrak 11.686.152 euroko aurrekontu orokorra onartu du 2026rako, aho batez

Udalbatzarrak ohiko bilkura egin zuen atzo iluntzean, azaroak 27, eta 2026ko aurrekontu orokorra eta aurrekontuaren exekuzioari buruzko udal-araua onartu zituen, aho batez. Aurrekontua 11.686.152 eurokoa da; iazkoarekin alderatuta, 468.077 euro gehiago.

Udalak arduraz eta anbizioz osatu ditu aurtengo aurrekontuak; arduraz, oreka ekonomikoa bermatzeko, baina baita anbizioz ere, etorkizuneko erronkei behar bezala heldu ahal izateko. Gure kudeaketak ekarriko baitu etorkizuneko Orioren eraldaketa”, nabarmendu du Anuska Esnal Orioko alkateak.

Nagore Rementeria zinegotziak nabarmendu duenez, aurrekontuen lanketa prozesuan sintonia ona izan dute Orioko Udala osatzen duten bi alderdiek. “Udalak zehaztasun handiz aztertu ditu 2026ko dirusarrerak, eta iazkoarekin alderatuta, 468.077 euroko igoera aurreikusi du, besteak beste, bi arrazoi nagusigatik: Foru Funtsetik datorren diru kopurua igoko delako, eta zerga zuzenen eta ordenantza fiskalen bidez %2,5 gehiago jasoko delako”, azaldu du Rementeriak. Gainera, kanpineko igerileku berriaren inbertsioari esker, kanpineko egonaldien prezioetan ere igoera aplikatuko da, eta horrek ondorio ekonomikoak izango ditu Udalaren diru-sarreretan.  

Hain zuzen, bi alderdien arteko adostasuna tarteko, kanpineko inbertsioei lotutako kreditu aldaketak ere onartu ziren bilkuran. Inaxio Alguacil zinegotziaren hitzetan, “Kanpinaren inbertsio planari lotuta, datorren urtean egitekoak diren hiru esku-hartze nagusiak aurreratu nahi izan ditugu kreditu aldaketen bidez: egungo bungalowak atontzeko lanak, bungalow berriak eraikitzeko obra eta komunitate energetikoaren garapena. Horrela, abenduan bertan zabalduko dugu lanen lizitazio-prozesua, eta gauzak ondo bidean, obrak 2026ko lehen sei hiletan egin ahal izango ditugu”. 

Nabarmendutako atalak

Orioko Udalak %3,5 igo du pertsonal gastuei bideratutako aurrekontuaren partida. Igoera horren bidez, lan-kontratazio berriak egingo ditu, langileen soldata igoko du, antzinatasun-osagarriak ordainduko ditu eta absentismoari aurre egingo dio. 

Ondareari eta zerbitzuei lotutako partidak, halaber, %5,68ko igoera izango du iazkoarekin alderatuta, besteak beste, kale-garbiketa, parke eta lorategien mantenua, hondartzako sorospen zerbitzua eta kirol instalazioen mantenua eta kudeaketa ordaintzeko. Era beran, 2026an AOT zerbitzu berria lizitatu beharko du Udalak, eta hemen ere kostuen igoera aurreikusi du.

Etxebizitzen alorrean, 2025ean egindako diagnosiaren ondoren, ekintza-planari helduko zaio datorren urtean, eta merkataritzaren eta ostalaritzaren alorrean ere, bide beretik jarraituko da.

Berdintasunari, kulturari, ondareari eta euskarari lotuta, gainera, proiektu esanguratsuak gauzatuko dira 2026an:

– Berdintasunaren alorrean, irailetik berdintasun teknikari bat da Udalean, eta horrek barne berrantolaketa bat ekarriko du; epe motzean Saregile Orioko Emakumeon* Etxearen kudeaketari lotutako lizitazioari helduko dio Udalak, eta Orioko hirugarren berdintasun plana aurkeztu eta abian jarriko du. Era berean, formakuntza eskainiko da LOPIVI haur eta nerabeen aurkako indarkeriari lotuta, eta herri erreparaziorako bidean urratsak egingo dira.

– Kulturari lotutako partida ere igo egingo da, 2026an bi urteurren berezi ospatuko direlako: alde batetik, Danbolin Musika eta Dantza Eskolaren 40. urteurrena, eta bestetik, Balearen Egunaren 125. urteurrena. Biak ala biak ospakizun handiak ekarriko dituzte 2026an.

– Euskararen eta kulturartekotasunaren erronkari dagokionez, halaber, urratsak egingo dira, eta harrera plan baten diseinua eta exekuzioa landuko dira. 

Herriko ondare gastronomikoa balioan jartzeko jaia ere ospatuko da 2026an. Azken urteetan egin den bezala, festaren antolaketan parte hartzen duten eragileek erabakiko dute ospakizunaren nolakotasuna. 

– Gizarte Zerbitzuen sailean, halaber, larrialdietarako diru-laguntzak indartuko ditu Udalak 2026an, eta elkarteen bidez ematen dituen laguntzak ere igo egingo dira (ez soilik Gizarte Zerbitzuen alorrean, baita kulturari, euskarari eta kirolari lotuta ere).

Hirigintzari lotutako egitasmoak

Inbertsioetara kopuru mugatua izango du Udalak, 381.479 euro, hain zuzen. Zati bat proiektu zehatzen garapenera bideratuko da, eta gainerakoa, zabalik utzi da etorriko diren egitasmoetara bideratu ahal izateko.

Hauek dira 2026rako aurreikusitako proiektu nagusiak:

– Kirol instalazioei dagokienez, 2025a urte garrantzitsua izan da Udalarentzat, inbertsio handia egin baitu alor honetan. Eta 2026an hobekuntzak egiten jarraituko du norabide berean.

– Frontoi berriaren kokalekua ezartzeko prozesua martxan jarriko da datozen hiletan, eta instalazio honen eraikuntzaren gastuei aurre giteko partida gorde da.

– Hondartzako eremuan ere hainbat esku-hartze aurreikusi ditu Udalak, azaroaren hasieran egin zen bilera irekian azaldu bezala. 

– Auzo-bideak hobetzeko eta Muntoko lokal berria egokitzeko partidak ere jasota daude aurrekontuan, eta hilerrian hileta zibilak egiteko eremua sortzeko proiektua garatzen jarraituko da.

– Andra Mariko guneko lanak ere 2026an burutzeko asmoa du Udalak, eta Dikeko eremuan eta Kofradia berriaren garapenean inbertsioak egiteko partidak zabalik utzi ditu.

– Goiko Kaleko irisgarritasuna hobetzeko proiektuaren aurkezpena egin zuen Udalak uztailean, eta herritarrek hainbat kezka eta behar helarazi zizkieten arduradunei. Horiek kontuan hartuta, bigarren azterketa bat abian jarriko du Udalak 2026an. 

– Bestetik, herriko zabor edukiontzien egoera aztertu du Udalak, eta urte hasieran herritarrekin partekatuko du azterketa horren emaitza. Laburbilduz, gaur egun herrian dauden edukiontzi batzuk egokitu egin beharko dira, eta beste batzuk lekuz aldatu, funtzionamendu egokia eta garbitasuna bermatzeko. Udalak urte hasieran ekingo dio prozesuari.

– Klima aldaketari lotuta, azkenik, indarrean dagoen planean zehaztutako neurriak hartzen jarraituko da, besteak beste, uholdeak saihesteko eta energia kontsumoa murrizteko. 

Atzoko saioa ikusgai dago Udalaren webgunean.