Udaltzaingoaren autoak desfibriladore bat eramango du aurrerantzean

 

Orain arte, Udalak zazpi desfibriladore izan ditu, larrialdietan erabili ahal izateko, eta kirol-portuan ere badago beste bat, Portu Zuzendaritzak jarritakoa. Aurrerantzean, bederatzigarren bat izango da Udaltzaingoaren autoan, larrialdi-egoeretan erantzun azkarrago bat eman ahal izateko.

Toki hauetan daude instalatuta orain arteko desfibriladoreak:

  • Zaragueta eskolan
  • Ikastolan
  • Futbol-zelaian
  • Zaharren babeslekuan
  • Kanpinean
  • Arraunetxen
  • Kiroldegian
  • Kirol-portuan

Edozeinek erabiltzeko prestatuta

Desfibriladorea erabiltzeko ez da medikua izan beharrik eta edozeinek balia dezake, prestakuntza egokia jasoz gero. Udalak, hain zuzen, ikastaroak antolatzen ditu aldiro-aldiro, udal-langileei eta lantokietako arduradunei desfibriladore horiek nola erabili erakusteko.

Gainera, larrialdi batean, erabiltzeko prestakuntza jaso duen inor inguruan ez badago, gaur egungo desfibriladoreek aukera ematen dute mediku baten urrutiko laguntza jasotzeko. Hartara, medikuak gidatuko du erabiltzailea, desfibriladorea egoki erabil dezan.