Udaltzaingoaren bulego berria egokitzen ari da Udala

Herriko Plazan, udaletxearen eraikinaren kanpoaldean, dagoen Udaltzaingoaren bulegoa Eusko Gudari kaleko 54. zenbakira lekualdatuko du Udalak. Urte askoan Indar Gym gimnasioaren egoitza izan zen eta 20 urtez itxita egon den lokala egokitzen ari da orain Udala, eta Udaltzaingoaren bulego berria epe laburrean martxan izatea aurreikusi dute.

Aldaketaren helburua herritarrei zerbitzu hobea eskaintzea da. Horregatik, egoitza berria handiagoa izango da, eta Udaltzaingoak ematen dituen zerbitzuetara egokitutako azpiegitura izango du: harrera-gune handiagoa, bilerak egiteko gela pribatuak, udaltzainburuaren bulegoa…

Erabiltzaileei dagokienez, espazioa mugikortasun unibertsala bermatzeko egokituko da, eta langileentzako aldagelak, komunak, officea eta lan-tresnentzako biltegia ere izango ditu. Energiaren eraginkortasunaren ikuspegitik, guztiz isolatuta egongo da eta oso kontsumo txikia izango du.

Udalak lau hilabeteko obrak aurreikusi ditu, eta uda amaieran ireki nahi du bulego berria.

Gainera, udaletxeko eraikinean libre geratuko den espazioa aprobetxatuz, berregituraketa egingo da.

Adi zebra-bidean!

Lanek irauten duten bitartean, Eusko Gudari kaletik arretaz gidatzeko eskatu nahi die Udalak herritarrei, 54. zenbakiaren parean dagoen zebra-bidean abiadura mantsotuz, sustorik ez izateko.