Udan ere mugikortasun jasangarria bultzatuko du Udalak

Larunbat honetan, ekainaren 1ean, hasiko da hondartza-denboraldia Orion. Hilaren 15era arte, asteburutan egongo da sorospen-zerbitzua hondartzan, eta egun horretatik aurrera, egunero, irailaren 15era arte. Denboraldia luzatzeaz gain, hondartzarako joan-etorriak errazteko neurriak ere hartu ditu Udalak azken urteetan, eta herritarren laguntza eskatzen du guztion artean mugikortasun jasangarriagoa bultzatzeko.

Bizikletak

Hondartzara iristeko falta zen bidegorri-zatia bukatu zuen Udalak 2022an, eguneroko joan-etorriak ez ezik, uda sasoian egiten direnak ere errazteko. Datozen hilabeteetan, gainera, bizikletentzako aparkaleku gehiago jarriko dira herrigunean, hondartzan eta zenbait auzotan. Bizikleten erregistro bat martxan jartzeko proiektua ere aztertzen ari da Udala.

Txu-txu trena

Bestetik, txu-txu trenaren zerbitzua egonkortzeko lanean ari da Udala azken urteetan. Tren zaharra sarritan matxuratzen zen eta arazo ugari ematen zituen eta, beraz, haren ordez, tren moderno irisgarriagoa izango dugu aurten herrian. Tren turistikoa baino gehiago, oriotarrak hondartzara eramateko garraio publiko gisa ulertzen du Udalak txu-txu trena, eta mugikortasun jasangarriago bat eragitea du helburu.

Horregatik, uda osoko bonua jarri da salgai aurten ekainaren 24ra arte, 10 euroan, herritarrek epe horretan erosi dezaten eta prezioa ez dadin oztopo izan egunerokoan erabiltzeko.

Hondartzako kabinak

Azkenik, Antillako kabinen erabilera ere sustatu nahi du Udalak. Aulkiak, surf-taulak eta eguzkitako aterkiak takilletan uzteko aukera izango da ekainaren 15etik irailaren 15era. Horri esker, hondartzarako joan-etorriak bizikletaz edo txu-txuan egitea errazagoa da, trasterik handienak hondartzan bertan uzten direlako.

Horrenbestez, Udalak dei egiten die herritarrei uda honetan bizikletaz ala txu-txuan egin ditzaten hondartzarako joan-etorriak. Kutsadura ez ezik, trafikoari eta aparkalekuei lotutako gorabeherak ere murrizten lagundu dute horrela.