Urola Kostako Udal Elkarteak dirulaguntzak emango ditu ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lehiakortasuna hobetzeko egitasmoetarako

2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean egindako jarduerak lagunduko dira diruz. Guztira, 905.000 euro emango ditu dirulaguntzatan.

Lau dirulaguntza-lerro

Deialdiaren barruan lau dirulaguntza-lerro daude:

1.- Jarduera ekonomikoak sortzeko edo proiektu berriak sustatzeko dirulaguntzak: 150.000 euro gorde dira lerro honetarako.

2.- Kontratazioa eta kalitatezko enpleguaren sustapena: 75.000 euro gorde dira lerro honetarako. Langabeak kontratatzeko eta kalitatezko enplegua bultzatzeko laguntzak dira.

3.- Inbertsioetarako dirulaguntzak: 500.000 euro gorde dira. Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen inbertsio-ildoak:

  • Negozioaren lehiakortasuna hobetzeko lagunduko duten inbertsioak
  • Teknologia berriak eta berrikuntza enpresan txertatzeko inbertsioak; besteak bese, TicketBai sistemarako fakturazio-softwareak.
  • Baldintza higieniko-sanitarioak bermatzeko inbertsioak; Covid-19an eragindako egoera dela medio, distantziak bermatzeko sistemak, lurruneztagailuak, terraza finkoak…

4.- Enpresen lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak garatzeko 100.000,00 euro gorde dira.

Deialdiari buruzko informazio guztia Udal Elkartearen webgunean dago.