Azaroaren 10eko Memoriaren Egunaren harira, urritik abendurako programa zabala antolatu du Orioko Bizikidetza Batzordeak. Lehen saioa urriaren 14an egin zuten, eta bigarrena datorren asteartean izango da, urriak 25.
Iñaki Peñaren S(u/a)minetik bakera dokumentala proiektatuko dute kultur etxean, 19:00etan hasita. Lanaren abiapuntua bi emakumeren arteko elkarrizketa da: Batallón Vasco Español-ek eraildako Iñaki Etxaberen alaba, Olatz Etxabe, eta ETAk
eraildako Isaias Carrascoren alaba, Sandra Carrasco. Ikus-entzunezkoaren helburua sumina eta samina atzean utzi eta bakera arteko bidea egiten laguntzea da, eta ostean, solasaldirako tartea izango da. Filmaren zuzendariak ere hartuko du parte solasaldian.
Bizikidetza Batzordeko ordezkariek egingo dute aurkezpena, eta abendura arteko programaren berri emango dute.