Gabonen atarian, urtarril erdira arte herrian izango diren jardueren berri eman du Udalak. Urtero bezala, herriko eragileekin elkarlanean prestatu du programa, eta Mari Domingi, Olentzero eta laguntzaileen zein Erregeen etorrerarekin batera, haur, gazte eta helduei zuzendutako beste hainbat jarduera izango dira.
Urteroko jarduerak
Gaur bertan, Herrio natur taldeak eta bi ikastetxeek antolatutako Jostailuen eta Liburuen Truke Azokarekin eta ‘Esne-berriketan’ bertso-saio literarioarekin abiatuko da egitaraua. Herrio natur taldeko kideak Herriko Plazan izango dira arratsaldez, materialak biltzen, eta bihar goizean, 10:30etik 14:00etara, egingo da azoka, toki berean. Informazioa, hemen eskuragai.
Hilaren 18an, aldiz, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako eta Salatxo abesbatzako kideek kontzertua emango dute, eta hurrengo egunean, Gabonak eta aulki hutsak hitzaldia, batetik, eta Harribil dantza taldearen Herribil emanaldia, bestetik, izango dira. Abenduaren 20an, ostera, Herrio natur taldeko kideak tirolina alboko parkean egongo dira goizean, Euskal Herriko zuhaitzak herritarrei doan banatzen.
Hilaren 24a, nola ez, herriko haurrei eskainitako egun magikoa izango da: 11:30ean hasita, kantu-jiran ibiliko dira bi ikastetxeetako haurrak. Arratsaldean, txokolate-jana egingo da, Arkupe elkarteak prestatuta, eta segidan, Mari Domingiren eta Olentzeroren etorrera izango da, Lera taldeak antolatuta.
Abenduaren 26an, ostiralarekin, Herriko Plazatik hasita, bertso-poteoa egingo da kalez kale Andoni Rekondo eta Aitor Mendiluze bertsolariekin, eta urtea amaitzeko, San Silvestre lasterketa antolatuko du Orioko atletismo-taldeak hilaren 31n. Izen-ematea zabalik da jada.
Urtea ondo ekiteko, haurrentzako puzgarriak izango dira hilaren 2an kiroldegian, goizez eta arratsaldez, eta urtarrilaren 5ean, Bizarzuriren eta Erregeen etorrera egingo dira. Ohi bezala, Bizarzuri goizean ibiliko da haur eta gaztetxoen gutunak biltzen, eta 18:00etatik aurrera, Erregeen txanda izango da.
Hain zuzen, Erregeen etorreran parte hartuko duten neska-mutilek abenduaren 19an izango dute izena emateko aukera, 19:00etan hasita, ikastolako pergolan, eta entseguak abenduaren 26an eta 30ean eta urtarrilaren 3an egingo dituzte, leku berean.
Jarduera bereziak
Abenduaren 20an, larunbatarekin, Bidasoatik harago ikuskizuna eskainiko dute Xabi Solanok eta Jon Garmendia ‘Txuria’k kultur etxean, eta sarrerak gaur arratsaldeko 17:00etatik aurrera egongo dira eskuragai turismo-bulegoan. Pertsona bakoitzak, gehienez, 3 sarrera eskuratu ahal izango ditu.
Iaz bezala aurten ere, Gozategik kontzertua emango du abenduaren 25ean Herriko Plazan, Eguberri eguneko otorduaren ondoren, dantzan egin eta festaz gozatzeko.
Abenduaren 27an, aldiz, Eragin eskubaloi-taldearen topaketa egingo da kiroldegian, egun osoan.
Eta azkenik, urtarrilaren 16an, Herri Aitortza ekitaldia egingo da Arraunetxen. Orioren alde egindako lana aitortuko zaie herriko hainbat herritarri, eta ekitaldi irekia izango da.
