XIII. mendeko balea-hezurra jarri dute ikusgai turismo-bulegoan

 

Errioa dragatzeko lanetan ari zirela, 1980ko hamarkadaren hasieran, balea-hezur bat aurkitu zuten Bizkarreneko etxearen atzeko moilaren inguruan. Hasieran, 1901ean harrapatutako azken balearekin lotura izango zuela uste zuten, baina datazioak erakutsi du askoz ere zaharragoa dela, XIII. mendekoa.

Hezur zigomatikoaren zati bat da, aurpegiaren kanpoko aldekoa, eta, Uppsalako Unibertsitatean (Suedia) karbono 14arekin egindako datazioaren arabera, 1265-1268 urteen artekoa izan daiteke. Ikertzaileek ezin izan dute zein balea-espezietakoa den zehaztu.

Balea-hezur hori urtetan egon da jendearen bistan Bizkarreneko etxearen atzeko aldean, baina, datazioaren ondoren, Udalak erabaki du ondo kontserbatu beharrekoa dela eta turismo-bulegoan jarri du ikusgai, beirazko kutxa berezi batean.

Balea-arrantza, Orion

Balea-harrapaketa eta hari lotutako jarduera ekonomiko-industriala garrantzitsua izan zen Euskal Herrian, eta oriotarrak nabarmendu ziren bereziki sektore horretan. Orioko barrak zaildu egiten zituen itsasorako sartu-irtenak, eta ondorioz, bizitza egunero arriskuan ez jartzeko, urrutiko itsasoetara ateratzen hasi ziren arrantzaleak, bakailaotara eta baleatara. XVI. mendean Orio zen Ternuara arrantzale gehien bidaltzen zituen portuetako bat.

Baina euskal kostaldean ere harrapatzen zituzten baleak, eta turismo-bulegoan dagoen hezurra da horren erakusle. Orioko arpoilariek fama handia zuten, eta beste portuetako arrantza-ontzietan kontratatzen zituzten; esate baterako, Asturiasen. Batzuetan, berriz, Bizkaiko golkoko beste portutako moilak alokatzen zituzten oriotarrek, handik balea-harrapaketan aritzeko. 1901eko maiatzaren 14an Orion harrapatu zuten euskal kostaldeko azken balea.