Zabalik da Salto! udalekuetan izena emateko epea

Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak antolatu ditu aurten ere UEMAk. Salto! Udalekuek izaten duten arrakasta ikusita, iaz bezala aurten ere bi txanda izango dira: ekainaren 22tik 30era, eta uztailaren 2tik 10era. Ibiltaria izango da ekimena, eta Baliarraindik Idiazabalerako bidea egingo dute gazteek, Tolosaldean hasi eta Goierrin barren. Izen-ematea zabalik dago martxoaren 31ra arte.

Txanda bakoitzean 60 lagunentzako lekua dago. 2007 eta 2010 urteen artean jaiotakoek parte hartu dezakete. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea da udalekuen helburua, opor-giroan ederki pasatzearekin batera.

Ibilbideari dagokionez, Baliarrainen hasi eta, Zaldibia eta Ataun zeharkatu ondoren, Idiazabalera iritsiko dira. Herri bakoitzean bi gau pasatuko dituzte gazteek, eta herri batetik bestera oinez mugituko dira.

Udalak animatu egin nahi ditu herriko gazteak parte hartzera. Lau modutara eman daiteke izena:

  • Lotura honetan
  • Telefonoz: 943 81 66 99
  • Posta elektronikoan: administrazioa@uema.eus
  • Telegram edo Whatsapp bidez: 608 66 81 55