Irailaren 11n hasita, udal-brigadak hainbat lan egingo ditu N-634 errepideko zubian: batetik, espaloietako piboteak kenduko dituzte eta, bestetik, zubiko argiztapenari lotutako arketak jarri. Oinezkoen pasabidea bermatzeko, bi fasetan egingo dira lanak: aurrena, ezkerreko espaloikoak egingo dira, Arraunetxearen aldekoak, eta hori bukatutakoan, tren-geltokira doan espaloikoak.
Oinezkoen eta ibilgailuen segurtasunagatik jarri baziren ere, zubiko espaloietako piboteek kexa ugari eragin dituzte azken urteetan. Horregatik, oinezkoen pasaera errazteko, kendu egingo ditu udal-brigadak datorren astean, astelehenean hasita. Lan horiek aprobetxatuz, gainera, hainbat arketa jarriko dituzte, Gabonetan eta ospakizun berezietan zubia dekoratzeko erabiltzen diren argien instalazioa errazteko.
Espaloietako bat itxiko da aurrena, eta tarte horretan, beste aldekoa erabili beharko dute oinezkoek. Eta ondoren, alderantziz. Era horretara, beti bermatuko da oinezkoen pasabidea. Lanek ez dute eraginik izango ibilgailuen zirkulazioan.
Lanen iraupena hiru aste ingurukoa izango da. Barkatu eragozpenak.