2024/10/11

Euskara ikasteko dirulaguntzen deialdia 2024

Deialdi honen xedea da dirulaguntza hauek emateko baldintzak arautzea: 2023-2024 ikasturtean helduentzako euskalduntze- eta alfabetatze-ikastaroak Oriotik kanpo egiten dituzten oriotarrentzako dirulaguntzak.

2023-2024 ikasturtean helduentzako euskalduntze- eta alfabetatze-ikastaroak Oriotik kanpoko euskaltegi homologatuetan egiten dituzten oriotarrak izango dira dirulaguntza hauen onuradun, betiere deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Ikasle horiek dirulaguntza jasoko dute, bakar-bakarrik, egin duten ikastaro hori Orion eskaintzen ez bada. Orioko euskaltegian ikastaro horren eskaintza egiten bada, ez dute dirulaguntza jasotzeko eskubiderik izango.

Orioko euskaltegian ikasten duten herriko ikasleek, bestalde, ez dute deialdi honen bidez dirulaguntzarik jasoko, herriko ikastaroen prezioa dagoeneko Udalak subentzionatuta dago-eta.

AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK

Eskabideak deialdi honetako eranskineko eredu normalizatuaren bidez egingo dira eta, horrekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Nortasun-agiriaren kopia.

  • Ikastaroa ordaindu izanaren egiaztagiria.

  • Euskaltegiak egindako ziurtagiria. Ziurtagiriak jaso beharko du: ikaslea zein mailatan ikasi duen, zenbat ordutako ikastaroa izan den, zein prezio izan duen, ikaslearen asistentzia zenbatekoa izan den…

  • Egoera bereziak egiaztatzeko agiriak: langabezia-txartela edo gizarte-zerbitzuen txostena.

  • HABEren dirulaguntzen 2023ko deialdian eskaera aurkeztu izanaren agiria (maila egiaztatu edo dagokion atalasea gainditu duten ikasleek bakarrik).