Agenda 21eko hirugarren Foro Irekia izango da azaroaren 28an

Kultur Etxean egingo da Foro Irekia, arratsaldeko zazpi eta erdietan hasita, eta herritar guztiak gonbidatuta daude parte hartzera.

Udalak martxan jarrita dauka Tokiko Agenda 21 prozesua, Urola-Kostako beste udalekin batera. Agenda 21aren helburua herriaren garapen iraunkorra lortzea da, ingurumena eta alderdi ekonomikoak eta sozialak uztartuz.

Dagoeneko abiatuta dagoen prozesu horren barruan, diagnostikoa osatzea izan zen lehenbiziko urratsa. Ondoren, lortu nahi diren helburuak definitu ziren. Oraingo lan fasean, berriz, definitutako helburu horietara iristeko egin beharreko ekintzak proposatu behar dira eta horiek lehentasunen arabera ordenatu.

Ekintza planaren oinarriak finkatzeko lana maiatzean hasi zen udalean, teknikari eta politikariekin. Uztailean mahai teknikoak bildu ziren (udal teknikariak, politikariak eta herriko elkarteetako kideak), plana landu eta osatzeko.

Bilera teknikoen ondoren, Udalak aukera eman nahi die herritarrei beren ekarpen eta iritziak aurkezteko eta horretarako antolatu du asteleheneko Foro Irekia.

Foroan honako gaiak aztertuko dira:

  • Ekintza plana herritarrei aurkeztea.
  • Udalaren eskumenean dauden ekintzen eztabaida eta proposamenak jasotzea.
  • Lehentasunak aukeratzea.

Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu Foro Irekian parte hartzera.

Bilera teknikoetan landutako ekintza planaren zirriborroa ikusi nahi duenak, hemen klik eginda jaitsi dezake PDF formatuan. Gaztelaniaz, berriz, hemen dago.