Programari hasiera emateko, Orioko Udaleko Euskara batzordeak galdetegi bat prestatu du, herriko bi ikastetxeen laguntzarekin. Galdetegiaren helburua datuak jasotzea da gurasoen arteko euskararen erabileraz: zenbatek hitz egiten duen euskaraz seme-alabekin, bikotekidearekin, lagunekin…
Galdetegia LH4, LH5 eta LH6ko haur eta gurasoei banatuko zaie, betetzeko. Galdetegia modu anonimoan beteko da eta Udalak horko datuak erabili nahi ditu programaren barruan gerora antolatuko diren ekintza eta jarduerak zehazteko.
Azken hamarkadetan nabarmena izan da Orioko haur eta gaztetxoen artean gertatu den bilakaera, euskararen erabilerari dagokionez: 1989an egindako neurketaren arabera, Orioko gazteen %30ek egiten zuen euskaraz kalean; 2013an egindako azken neurketan, berriz, gazteen arteko erabilera %88,5ekoa zen eta haurrena ere, beste horrenbeste. Helduen erabilera, ordea, ez da batere handitu eta hortxe dago, ez arre ez so, %55aren bueltan ”iltzatuta”.
Gaztetxoek, kasu honetan, asko dute helduoi erakusteko eta horri egiten dio erreferentzia leloak: ”Aita, ama… kontu bat dut zuei esateko!”. Programaren izena ez da Orion sortua; Iruran eta Gabirian erabili zuten aurreneko aldiz iaz.
”Euskaraz bizi-bizi” egitasmo orokorraren barruan, arreta berezia jarri nahi dio Udalak guraso gazteen artean euskararen erabilera sustatzeari. Abenduan argitaratu zen bideoan behin baino gehiagotan aipatzen da Orioko parkeetan gaztelania asko erabiltzen dela eta, askotan, guraso euskaldunen ahotan aditzen dela. Kezka hori agertu izan dute, baita ere, ikastetxeetako irakasle eta guraso euskaltzaleek eta Udalak uste du badagoela hor eragiteko aukera.rnHorretara dator ”Aita, ama… kontu bat dut zuei esateko!” programa. Gurasoen hizkuntza-ohituretan eragiteko programa bat da, azken batean.rnInkesta izango da programa horren barruan Udalak egingo duen lehen jarduera; baina dagoeneko aurreikusita daude beste batzuk ere, aurrerago jakinaraziko direnak.